Murrizketen itzala atzetik duela ospatuko du Titirijaik 30. urteurrena
Kulturak jasan dituen murrizketa ekonomikoen ondorioz Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroa larri ibili da aurtengo jaialdia aurrera ateratzeko. Emanaldi eta konpainia gutxiagorekin bada ere, hiru hamarkada betetzen dituen ekitaldiak ahal bezain duintasun handienarekin egingo du aurrera. Aurtengo edizioan parte hartuko duten hamabi konpainien artean Hego Amerikakoak nabarmendu dituzte antolatzaileek.
Nagore BELASTEGI | TOLOSA
TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroak Titirijai jaialdiaren 30. urteurrena ospatuko du aurten, inoiz baino zailtasun ekonomiko handiagoei aurre eginez. Hego Amerikako konpainiak izango dira nagusi hilaren 24tik abenduaren 2ra ospatuko den jaialdian.
Idoia Otegi eta Miguel Arretxe TOPICeko zuzendariak izan ziren aurkezpenean, baita Tolosako alkate Iban Iriarte eta Kutxako ordezkari Mikel Mendarte ere. Otegik azpimarratu zuen oso harro daudela egindako ibilbideaz, urte hauetan ikusi dutelako umetan txotxongiloak ikustera joaten ziren oraingo gurasoak euren seme-alabekin joaten direla emanaldietara, eta hori polita iruditzen zaie.
Izan ere, euren babesa emanda laguntzen duten eragileez aparte, ikusleei esker egiten du aurrera Titirijaik. Parte hartzen duten konpainiek ere badute eskumenik. «Irabazteko asmorik gabeko elkarte bat gara, badakite ezin diegula asko ordaindu, baina ulertzen dute Tolosa erakusleiho bat dela beraientzat», aipatu zuen.
Urte batzuk daramatza Titirijaik arriskuan diru falta dela-eta, baina aurtengo egoera nabarmen larriagotu da, kultur arloak jasan dituen murrizketen ondorioz. «Jaialdi honi `jaialdi' deitzeko ezin dugu programazioa gehiago murriztu», salatu zuen Otegik. Azken urteetan urtero 20-25 konpainia inguruk hartu dute parte jaialdian; aurten, berriz, hamabik besterik ez, eta Tolosako lau areto okupatzetik, hirutan izango dira aurten. TOPICek dituen diru sarrerak %43 txikitu dira azken urteetan, eta honek emanaldiak hiru aldiz gutxiago izatea eragin du -2007an 151 programatu zituzten eta aurten, 57-.
Hala ere, TOPICek ez du krisiaren itzalak Titirijairen hiru hamarkaden urteurrena ilundu dezan nahi, eta lan txukuna egin dute antolakuntzan ahalik eta jende gehienak txotxongiloen magiaz goza dezan. Iban Iriarte alkateak argi utzi du Udalak ez diola zentroari murrizketarik egin eta etorkizunean ere ez dutela horrelakorik egingo. «Garaiotan ume bilakatzea oso sendagarri ona da; txotxongiloek egiten gaituzte ume eta hauek irribarrea ateratzen digute».
Ozeanoaren beste aldera
Mikel Mendartek aipatu zuen Ozeano Atlantikoaz bestaldeko konpainiak nabarmenduko direla aurtengoan. «Joan etorriko txotxongiloak» lemapean, Hego Amerikako herrialdeen eta Euskal Herriaren arteko harremana nabarmendu nahi dute. Mendartek esan zuenez, herri guztietan dago norbait Hego Amerikara joan behar izan zuena. Horietako batzuen seme-alabak berriro bueltan datoz, eta bertako txotxongilo eskoletako joera ezagutzeko aukera dugu honela.
Bederatzi egunetan tolosarrek eta euskaldun guztiek txotxongiloen emanaldiak ikusi ahal izango dituzte. Horietako asko hitzartutako eskoletako haurrentzat besterik eskainiko ez badituzte ere, ia egun guztietan izango dira publiko guztientzako irekiak diren emanaldiak, arratsaldez.
Andaluziako Caracarton, Aragoiko Titiriteros de Binefar, Madrilgo Luna Teatro Danza, Murtziako Los Claveles eta Valentziako Los Duentes konpainiekin batera, Rosa Martinezen konpainia euskalduna «Etxean goxo» ikuskizunarekin izango da. Anita Maravillas taldea euskal-txiletarra da, eta Hego Amerikako beste lau konpainiarekin batera arituko da.
Roberto White argentinarrak ez du hitzen beharrik bere ikuskizunean esan nahi duena adierazteko. Brasilgo Teatro de la Plazak magia, txotxongiloak eta animazioa nahastuko ditu. Manicomio de Muñecos kolonbiarrak Marimonda emakumearen gaineko elezaharra kontatuko du eta Uruguaiko Angeles de Trapo-k umorea ekarriko du.
Titirijai-ko txotxongilo emanaldiek zirkuitua egingo dute inguruko herrietan zehar. Ordizian, Eibarren, Sestaon, Donostian eta Pasaian izango dira Hego Amerikako eta Andaluziako konpainiak.
TOPICen urte osoko emanaldiak ez dira Tolosara mugatzen. Horri eusteko antolatzaileek Euskal Herri osoko eragileei laguntza ematera dei egin die, beren ustez, kultura babestea garrantzitsua baita gizartea hobea izan dadin.
Tolosa txotxongiloen euskal hiriburua bada ere, hilabete honetan badira txotxongilo jaialdi gehiago ere. Hendaian, Akelarre kultur elkarteak antolaturik, Txotxongilo Egunak jaialdiaren 23. edizioa ospatuko dute datorren astelehenetik hasita azaroaren 25ra bitartean. Hamar ikuskizun eskainiko dituzte, horietatik bederatzi euskara hutsean.
Halaber, egun berberetan, 31. Bilboko Nazioarteko Txotxongilo jaialdia izango da Campos antzokian. Guztira 19 emanaldi eskainiko dituzte. Ostirala, azaroaren 23a, berezia izango da Europako txotxongilo egile gazteen gala ospatuko baita 21.00etan. N.B.