GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA | XVII. JAGON JARDUNALDIAK BAIONAN

Esparru lege baten sorrera aldarrikatu du euskalgintzak

Ipar Euskal Herrian euskara indarberritzeko beharko litzatekeen hizkuntza politika izan zuten atzo hizpide Baionan, Euskaltzaindiak antolatu XVII. Jagon Jardunaldien karietara. AEKko Jakes Bortahiru, Seaskako Paxkal Indo, Kontseiluko Jone Josie, Euskal Irratietako Ttitto Betbeder eta EEPko lehendakari Frantxua Maitia bildu zituen eztabaidak.

p020_f01.jpg

Ainize BUTRON

Azken urteotan bideratu den hizkuntza politikaren ondorioez hausnartzerakoan, euskalgintzako ordezkariek egungo gabeziak mahai gainean jarri zituzten eta aho batez aldarrikatu zuten Ipar Euskal Herria euskalduntzeko etapa berri bati ekiteko beharra.

Azken ikerketa soziolinguistikoaren emaitzak eskuan zituztela eta Frantxua Maitia Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) burua bertan zela, Jakes Borthairu AEK-ko arduradunak hartu zuen hitza lehendabizi, «inkesta ikusirik denok brikolatzen aritu garela» agerian geratu dela esateko. «Horrela segitzen badugu ikusi beharko da zenbat mende beharko ditugun euskalduntzea lortzeko», gaineratu zuen.

Erran horiek, Maitiak EEPren aldetik euskalduntze prozesuan martxan jarritako ekimenak goraipatu ostean egin zituen, hain zuzen ere.

Horrenbestez, azken urteotan aurrerapausoak izan direla aitortu bazuen ere, Borthairuren hitzetan, etapa berri batean sartzea ezinbestekoa da. Garapen Kontseiluaren baitan euskalgintzako ordezkarien hausnarketaren ondotik kaleratutako irizpideak gogora ekarri zituen, eta euskararen bilakaeran aldaketaren bat lortuko bada, esparru lege bat finkatzea ezinbestekoa litzatekeela nabarmendu zuen.

«Ez da inon ikusi lege babesik gabe biziraun duen hizkuntzarik», nabarmendu zuen. Frantses Kultur ministroak, deus zehaztu gabe, François Hollande presidenteak hauteskunde garaian hitzemandako Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren izenpetzea gauzatuko dutela jakinarazi berri du, eta horren harira, izenpetze hori baino harago joateko premia nabarmendu zuen AEK-ko ordezkariak. Lekuko hizkuntza politika bat eramateko, berezko instituzio baten sortzeaz gain, bai irakaskuntzan bai bizi publikoan ere eskaintza orokortu eta urrats kualitatiboak egin ahal izateko baliabide ekonomikoak behar direla erran zuen. Baina, oroz gain, euskararentzako lege gerizaren beharra mahai gainean jarri zuen Borthairuk.

Maitiak izan ezik, ondoko hizlari guztiek berretsi zuten AEK-ko ordezkariak marraztutako panorama iluna. Paxkal Indok, bestalde, Parisek gai horren inguruan daukan diskurtso gezurtia salatu zuen: «Parisetik tresnak ematen dizkigute gu lasaitzeko, baina ez egiazko erronkei erantzuteko». «Garai batez beraien geroa beren gain hartzen hasi direnei esker bakarrik lortu da zerbait. Hala izan ez balitz, inkestak ez ziren gaur egun neurri horretakoak izango; aise emaitza txarragoak izanen genituen», gaineratu zuen.

Etapa berri bati ekiteko beharra argudiatzeko kalkulu matematikoetan sartu zen Indo. Kontuan harturik, gaur egun, Ipar Euskal Herrian euskalduntzen duen eredu bakarra Seaska dela, eta eredu horretan ere euskal hiztunak sortzeko arazoak dituztela, bere kalkuluen arabera, soilik haurren %5 euskalduntzea lortzen da gaur egun Ipar Euskal Herrian. Joera hori aldarazteko eskola guztietan murgiltze eredua orokortu beharko dela uste du Indok. «Horrela bakarrik erdietsiko dugu; bestenaz sistema hori guztia gezur hutsa da. Sistema elebidunak ez du euskalduntzea ziurtatzen», bukatu zuen.

Maitiaren burdin eleak

Frantxua Maitiak ukan zuen azken hitza mahai-inguruan, eta bertan zeudenei EEPko buruaren mezua ulertzea gaitza egin zitzaien. Lege batek onura ekarriko lukeen galdetuta, ez duela hori uste erantzun zuen.

«Beste lurralde batzuk baino urrunago joanak gara» jarraitu zuen esaten, legeak ez lukeela askoz gehiago ekarriko aditzera emanez. Ondoko esaldian, aldiz, guztiz kontrako erranak bota zituen, legea onuragarria izango litzatekeela nabarmenduz: «Legeak interesa dauka orain ditugun gauzak ziurtatuko lituzkeelako. Gauzak segurtamenik gabe daude eta gure geroa ez dugu hain argi ikusten EEPn».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo