Independentziaren alde, berdez jantzi nahi dute Durango
Durango berde kolorez jantzi nahi dute datorren abenduaren 6an. Egun horretan ezarrita dagoen Konstituzio espainolaren jaia «arrotza eta inposatua» dela iritzita, Independentistak sareak Martxa Berdea antolatu du «posible eta erreala den» Euskal Herriaren subiranotasunaren alde. Hitzorduak, gainera, Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azokaren irekierarekin bat egingo du, eta bertan hain justu standa jarriko dute aurrenekoz.
GARA | BILBO
Independentziaren aldeko hautua «posible eta erreala» dela iritzita, Independentistak sareak datorren abenduaren 6an Durangon egingo duen martxan parte hartzera deitu zuen atzo. Antolatzaileek eguna ez dute kasualitatez hautatu, arrazoi argi bategatik baizik: «Gure herriari inposatzen zaion jaiegun espainiar baten aurrean gaudelako berriro ere».
Subiranotasunaren gaineko eztabaidak erabateko gaurkotasuna hartu duela adierazi zuten, honen «aurkako argudio guztiak goitik behera» erortzen ari direla nabarmenduta. Bultzatzaileen ustez, gero eta euskal herritar gehiagoren ustez, gaur egun «aukera guztiz bideragarria da» lehenago ezinezkotzat eta utopikotzat jotzen zena. Eta horretan, besteak beste, eragina izan du egoera ekonomiko larriak, honek bultzada eman baitio herriaren etorkizunari buruzko eztabaidari eta euskal estatu propioa sortzeko aukerari. «Bideragarri eta komenigarria izateaz gain -gehitu zuten-, premiazko bilakatzen ari da».
Eztabaida hori beste gertaera batzuek ere jarri dute erdigunean, eta hor kokatu zuten kanpotik independentziaren alde sumatzen den haizea. Hala, Eskoziako prozesua, Quebeceko hauteskundeak utzitako emaitzak edota Kataluniako Diadako mobilizazio erraldoiak Estatu espainolean eta munduan lortutako oihartzuna aipatu zituzten.
Azokarekin uztartuz
Testuingurua alde batera utzita, hain justu abenduaren 6an Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka abiatuko da. Hitzordu garrantzitsu hori independentziaren aldeko aldarriarekin lotuz, «Bagoaz. Euskal Herriak #independentzia!» lemapean, subiranotasunaren aldeko Egun Berdea deitu du, Durangon bertan, Independentistak sareak. Egun osoko egitaraua izango du ekimenak. Landako gunetik abiatuko da Martxa Berdea 17.00etan.
Azoka honek duen garrantzia aintzat hartuz, bere filosofia eta ezaugarriekin bat egiten duen ekimen osagarria egin dutela iragarri zuten, halaber. Joan den urriaren 12an kultura eta euskara arloko jendearen eskutik eman zuten asmoen berri, eta kultura, euskara eta sormen munduko pertsonek izango dute protagonismo nagusia egun osoko egitarauan ere. Horien ekarpenetan oinarrituko da ekimena.
Goiz-goizetik eguna berdez jantzi nahi dute, eta horretarako Durangora kolore horretako arroparen batekin joateko deia egin zuten atzo. Goizean eta eguerdian herrian nahiz Landako gunean hainbat ekintza diren bitartean, Independentistak sareak azokan izango duen standera gerturatzeko aukera egongo da, aurtengoa baita postua izango duen aurreneko aldia. 14.00etan, sortu duten liburuaren aurkezpena egingo dute, eta 15.30ean, DJ Bull Landako gunean arituko da.
Parte hartzeari bultzada emateko, egitarauaren inguruko edozein iradokizun egin daiteke info@independentistak.net gunearen bidez. Oraindik proposamenak eta laguntza jasotzeko ateak irekita dituztela nabarmendu zuten, horregatik deia zabaldu zuten nahi duen orok bere ideia partekatu ditzan.
Bestalde, milatik gora atxikimendu jaso ditu martxaren manifestuak dagoeneko. Horiek ugaldu daitezen, www.abenduak6.bagoaz.net gunean sinatzera deitu zuten.
La gestión y transporte de los residuos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema quos quos radioactivos es un gran problema que pued.
Independentziaren aldeko Martxa Berdean parte hartzera dei egiteaz gain, antolatzaileek kolore berdea duen arroparen batekin bertaratzeko eskatu zuten.