Aberastasunaren eskualdatze beldurgarria dugu
Espainiako Ogasun Ministerioko teknikarien sindikatuak batzarra ospatu du Bilbon oso deigarria den txosten baten inguruan. «Agur klase ertainei» txostenak egoera benetan beldurgarria marrazten du. Hego Euskal Herriari dagokionez, gero eta hedatuagoa dago prekaritatea, 680.000 herrikidek bizi baitute egoera latz hori. Lau euskal herritarretik batek mila eurotik beherako soldata jasotzen du eta, aldiz, elitea, irabazleen klub esklusibokoak, gero eta gutxiago eta aberatsagoak dira, gero eta errazago ezkutatzen dituzte beren irabaziak eta iskin egiten diete bere betebehar fiskalei. Austeritatearen «erlijio» berriari jarraiki, ezarri diren zerga mota berriak -bereziki BEZa- are zigortu eta pobretu ditu klase ertain eta prekarizatuak. Bitartekoekin eta borondatearekin, iruzurgileak harrapatu daitezkeela diote teknikari hauek, baina egiari egia zor, ez bata eta ez bestea ez dira inon ageri. Eta ez da ikusten inondik inora hala gertatuko dela adierazten duen seinalerik.
Aberastasunaren eskualdatze erraldoia gertatzen ari da Euskal Herrian. Oinarrian gero eta ugariago eta pobreago diren herritarrak daude. Klase ertaina gero eta urriago, abailduago ageri da. Eta bi sektoreon aberastasun erlatiboa gero eta kontrolik gabekoago eta aberatsagoa den goiko muturrera bideratzen ari da. Piramide sozial berri honek borrokatu beharreko proportzio historikoa duen injustizia agerian uzten du.