Nafarroakoa Bigarren Maila
Saralegirentzat txapela, eta berarekin Xabier Mindegia ere mailaz igo da
J.L.
Ez zen ezusterik izan atzo Doneztebeko pilotalekuan, eta Ruben Saralegik irabazi zuen txapela, eta berarekin batera Xabier Mindegiak lortu zuen datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartel preziatua.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen. Saralegi eta Mindegia ziren bi faboritoak, eta gainerakoei alde nabarmena kenduz lortu zuten beraien helburua. Bi faboritoen arteko dema oso polita izan zen, baina amaiera aldera adar handi bat atera zitzaion Xabier Mindegiari, eta han joan zitzaizkion txapela lortzeko zituen aukerak. Saralegirentzat, berriz, aste bikaina izan da. Joan den igandean Euskal Herriko Hirugarren Mailako txapela jantzi zuen, eta atzo Nafarroako Bigarren Mailakoa ere bai.
Hirugarren postutik atzera, berriz, ez zen kolorerik izan. Asier Pellejero aresoarrak osatu zuen podiuma, baina txapeldunarengandik ia lau minutura. Bi onenek gainerako aizkolariei alde handia atera zieten.
Trontzan, Nafarroako Bigarren Mailako finala jokatu zen. 45 ontzako enborrari hamalau epai eman behar izan zizkioten.