Aizkora Euskal Herriko Lehen Mailako finala
Denak Floren Nazabalen aurka
Etxarriko aizkolaria jaun eta jabe izan zen Elizondon jokatu zen kanporaketan, eta biharko txapela lortzeko ere faborito nagusia da.
Jon LEUNDA
Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatuko da bihar 12.30ean Arbizuko pilotalekuan. Orain aste batzuk Elizondon jokatu zen kanporaketako sei onenak izango dira etziko final handian. Saioa ikustera joan nahi duenak, 15 euroren truke erosi ahal izango ditu sarrerak.
Iñaki Azurmendi, Unai Otaño, Joxemari Olasagasti, Joseba Otegi, Aitzol Atutxa eta Floren Nazabal lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko ebaki beharko ditu.
Iñaki Azurmendi da egungo txapelduna eta biharko irabazteko faborito nagusietako bat ere bai. Arriarangoa ongi dago; arazorik gabe lortu zuen finalerako sailkatzea, eta Gipuzkoako finalean bigarrena izan zen.
Floren Nazabal da, berriz, txapela lortzeko faborito nagusia. Etxarrikoak irabazi zuen kanporaketa, bigarrenari bi minutu inguruko aldea kenduta. Gainera, kanporaketako marka berria ezarri zuen. Denek inoiz baino hobeto ikusten dute, baina azkeneko bi urteetan ez du txapelik jantzi. Lan hau ere kanporaketako bikoitza izango da.
Joxemari Olasagastiren izena ez du askok aipatu, baina Igeldokoa ere kontuan hartu beharrekoa da. Orain dela bi urte ere gauza bera pasatu zen, eta berak jantzi zuen txapela. Beraz, bihar berak irabaziko balu ere, ez litzateke ezuste handia izango.
Joseba Otaegirekin ere itxaropen handiak daude. Orain dela hilabete irabazi zuen Gipuzkoako txapela, eta kanporaketan hirugarren izan zen. Berak ahalik eta lanik onena egitera doala dio, finalean sartzeko helburua lortuta, baina zale askok eta askok txapeletik gertu ikusten dute Zizurkilgo aizkolaria.
Aitzol Atutxarekin ere itxaropen handiak daude. 23 urterekin finaleko gazteena izango da. Bizkaiko txapela irabazi berri du, baina han ez dauka aurkaririk. Kanporaketan bigarren izan zen, eta gehienek garbi ikusten dute txapel bat baino gehiago jantziko duen aizkolaria izango dela. Daraman bidea itxaropentsu egoteko modukoa da.
Unai Otaño ere ez da ahaztu behar. Ibarrakoa maila handiko aizkolaria da. Azkeneko aldiz Lehen Mailan parte hartu zuenean bigarren amaitu zuen. Gero zigortuta bi urte pasa zituen, eta maila guztiak galdu eta bi urteren buruan berriro ere onenekin eta finalean da. Bera ere txapeletik gertu ibiltzeko aizkolari horietakoa da.
Beraz, hau dena kontuan hartuta, inoiz baino final estuagoa agertzen da. Denek Nazabal jotzen dute faborito garbitzat, baina gainerakoen artean ez da alderik nabarmentzen. Aizkorako zaleek hori da nahi dutena, berdintasuna eta oreka, eta badirudi bihar horixe izango dela, eta Arbizuko zita galdu ezin den horietakoa izango da. Honekin amaituko dira txapelketak.
Biharko finala inoiz baino estuagoa agertzen da, eta hori baieztatzen dute zaleek. Badirudi Nazabal besteen gainetik egon daitekeela, baina hark ere txapela jantzi nahi baldin badu, gogotik egin beharko du lan.
Gaur arratsaldean jokatuko da Zeberion, 17.30ean hasita, sokatirako 320 kiloko bigarren jardunaldia. Bi multzotan banatuta arituko dira lanean eta A multzoan Sokarri, Abadiño A, Ibarra A, Urruña, Apurtuarte eta 6 Conceyos lehiatuko dira nor baino nor.
B multzoan, berriz, Abadiño B, Ibarra B, Ñapurrak, Iparralde, Baigorri, Murueta eta Sokarri B izango dira neurtuko diren taldeak.
Nafarroako Txapelketako saioa, berriz, Latasan izango da bihar 18.00etan. 600 kiloko lehen jardunaldia jokatuko da, eta 420 kiloko mistoentzakoa ere bai.
600 kilokoan, Basaburua-Imotz. Berriozar, Txantrea eta Amaiur izango dira parte hartuko duten taldeak. 420 kilokoan, berriz, Sakana-Amaiur, Basaburua-Imotz eta Berriozar arituko dira nor baino nor. Bi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. J.L.