Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Banpiroak atzo eta gaur (II)
Hain zuzen, Draculak asko zor dio Stokerrek Armin Vambery izeneko idazle eta bidaiari hungariarrarekin izan zuen enkontruari. Azken horrek Karpathos mendikatearen inguruko istorio ilunen berri eman zion idazle ingelesari; odola isurtzea gogoko zuten lurjabe ankerren pasadizoak, esaterako. Lurjabe haien ankerkeria mugagabea azaltzea ezinezkoa zitzaion herritar arruntari, eta horretara erabaki zuten ezin zirela erabat gizatiar izan, beste zeozer izan behar zutela. Giza naturaz gaindiko ezaugarriek rol garrantzitsua betetzen dute Stokerren nobelan. Izan ere, lanari izena ematen dion pertsonaia, Dracula bera, ez da erabat gizatiarra. Bestetik, ohar gaitezen nobelan neska ez dela harengatik balio oro, dela nazio-estatua, dela erlijioa, dela gizakiekiko elkartasuna, sakrifikatu duen gizonarekin geratzen. Aitzitik, giza askatasuna eta erabakitzeko ahalmena mugatu eta baldintzatzen duten balioak bere egiten dituen pertsonaiaren alde egiten du. Jakina, testuinguru honetan transgresioa eragin duenak, hots, arauak kolokan jarri dituenak hil egin behar du gizartea bere onera itzul dadin.
Dena den, ez da krudelkeria banpiroak eta gainerako gaueko izakiak zinez beldurgarri egiten dituena, beren itxura baizik. Hau da, gizakien antza daukate, gizakitzat har genitzake, baina giza-ulermenetik kanpo dauden ekintzak egiten dituzte (giza-ulermena izanik gizartearen jarrera kodea). Baina gaueko izakiei buruzko diskurtso ofiziala hori izan arren, maiz ikusiko dugu etorkinaren, beste kulturetako gizabanakoen, Bestearen presentzia gaueko gizakien karakterizazioetan benetako gaueko izakia Bestea izanik.