GARA > Idatzia > Kultura

Gipuzkoar aurresku eta doinu zahar txapelketak jokatuko dira larunbatean

GARA | PASAIA

Bi dantza lehiaketa izango dira datorren asteko larunbatean Pasai Donibanen. Azaroaren 24an, 19.00etatik aurrera, udalerriko kiroldegian Euskadiko 32. Gipuzkoar Aurresku Txapelketa eta Euskadiko VI. Doinu Zahar Txapelketa egingo dituzte, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak joan den ostegunean iragarri zuenaren arabera.

Hala ere, Doinu Zahar Txapelketan parte hartzeko izena emandako dantzari kopuru handia dela-eta, kanporaketa bat egingo dute bihar 12.00etan Pasai Antxoko Kultur Etxean. Bertatik aterako dira Nagore Indakoetxea iazko irabazlearekin batera finalean dantzatuko diren zazpi sailkatuak.

Kanporaketaren ostean finalera pasatzeko aukera duten beste dantzariak honako hauek dira: Izar Aldalur (Elgoibar), Maddi Nazabal (Oiartzun), Ane Urruzola (Villabona), Arantxa Ferreiro (Elgoibar), Udane Eskudero (Oiartzun), Izar Etxeberria (Oiartzun), Ixone Juaristi (Deba), Andrea Arregi (Elgoibar), Izar Aizpuru (Oiartzun), Idoia Besada (Pasaia) eta Miren Astigarraga (Elgoibar).

Errenteriako Nagore Indakoetxea garaile atera zen iazko edizioan 2002. urtetik ospatzen ez zen Doinu Zahar Txapelketaren bosgarren edizioan.

Aurresku Txapelketa, Doinu Zahar Txapelketa ez bezala, egun bakarrean egingo da, kanporaketarik gabe. Dantzariek Ormatxulo, Kontrapasa, Aurkez Aurke eta zortzikoa dantzatu beharko dituzte, amaieran guztien puntuazioa batzeko.

Parte hartuko duten mutilak Xanti Leonet (Oiartzun), Iker Sanz (Lezo), Beñat Asensio (Lezo), Aitor Asenjo (Elgoibar), Iker Larunbe (Atarrabia) eta Joseba Erramon Villa (Sondika) izango dira.

Gipuzkoar Aurresku Txapelketa 1981az geroztik egiten da. Parte hartzaileen artean Iker Larunbe da noizbait txapela lortu duen bakarra (2010eko edizioan).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo