Karakorum | Jarduera bikoitza
K7 eta Ogro I mendietan marra berri bana zabaldu dituzte
Hayden Kennedy, Kyle Dempster eta Urban Novak hirukoteak orain arte igo gabe zen K7 mendiaren eki aurpegia 49 ordutan eskalatu zuen udan. Ogro I mendian, berriz, Josh Whartonen laguntza izan zuen Kennedy eta Dempsterren sokadak hego isurialdean lehen igoera sinatzeko.
Andoni ARABAOLAZA
Hayden Kennedy eta Kyle Dempsterrek osatutako sokadak pasa den udan lortu zuena ez da batere ohikoa. Karakorumgo mendietan uda borobila izan zutela ezin da ezbaian jarri. Izan ere, goi mailako bi bide berri eta independente zabaldu zituzten Pakistango mendilerroko bi gailur esanguratsutan: K7 eta Ogro I. Eta biak lehen igoerak: K7 mendiaren ekia eta Ogro I mendiaren hegoa. Biak ala biak igo gabe zeuden. Hori bai, lehen murruan Urban Novak esloveniarra alboan izan zuten, eta, bigarrenean, Josh Wharton estatubatuarra.
Uda emankor horretan bi proposamen berri bi saiotan egitearen inguruan, honakoa azaldu digu Dempsterrek: «Islamabadera iritsi bezain laster, atseden hartu genuen. Biok ala biok bat geunden: uda epikoa izan zen. Ondo baino hobeto pasa dugu eskalatzen, eta, inolako zalantzarik gabe, oso zorionekoak izan gara. Duela hilabete batzuk geure buruei galdetu genien ea gai izango ginen Pakistango bi mendi handi horietan zer edo zer egiteko. Azkenean, jarritako helburuak erdietsi ditugu».
Lehen jarduerari dagokionez, aipatu behar da Kennedy, Dempster eta Novakek K7 mendiaren eki aurpegia eskalatzen iaz saiatu zirela. Horrela bada, protagonistok pasa den udan xede horri zigilua jarri zioten.
Charakusako haranean girora egokitu ostean, alpinistok uztailaren 17an martxan jarri ziren. 49 ordu geroago, igo gabe zegoen isurialde hori eskalatu eta gailurra egin zuten. Iazko bidetik hasi ziren, eta elur, misto eta izotzezko hainbat sekzio gainditu ostean, bibaka antolatu zuten. Beste era batera esanda, iazko saioan heldu ziren puntu garaiena gainditu zuten.
Biharamuna ez zen batere atsegina izan: «Oso nekatuta geunden, eta, gainera, elurra eta hotza egin zigun. Aurpegiak zuri-zuri genituen eta hotza hezurretaraino sartzen zen. Egoera berriari buruz hausnartu genuen; ez genuen batere argi ikusten. Kyle aurrean genuena aztertzen hasi zen, baina tristatu egin zen ez zuelako bide egokirik ikusi. Hala, 20 orduko eskalada egin genuen, eta gaua bi lo-zakurekin igaro genuen. Erabat deshidratatuta geunden, eta erreskate baten aukera ez genuen baztertu. Baina, bat-batean, Urbanek esan zigun abentura horren bila irten ginela, egoera hauek kudeatzen badakigula eta aurrera egin behar genuela. Eta hala izan zen».
Gau txarra pasa eta berriro eskaladari ekin zioten. Den-dena berria zen, eta espero zuten baino zailtasun tekniko handiagoekin egin zuten topo, besteak beste, M6 graduko hainbat luzerekin.
Hori guztia gutxi ez balitz, ekaitzak harrapatu zituen. Jakin bazekiten tontorra gertu zutela eta egun horretan zapalduko zutela, baina hori lortzeko komeria handiak pasa zituzten. Azken 200 metroak, adibidez, gogorrak izan ziren: «Urbanek egundoko lana egin zuen, elurrean gerriraino sartzen zen; inoiz ez dugu lan nekezagorik ikusi. Aitortu behar dugu gailurra anti-klimax tankerako zerbait izan zela; lasaitzeko betarik ez genuen izan. Izan ere, aurretik 10 orduko rapelak genituen. Inolako zalantzarik gabe, eskalada ez zen funtsezkoena izan, bai, ordea, hiruron artean sortu zen hartu-eman berezia».
Ogron, oso larri
Novak agurtu eta Kannedy eta Dempster beste eskalada eremu batera abiatu ziren. Hots, Charakusatik Chotkoi glaziarrera. Bi aste lehenago dei bat jaso ondoren, Josh Wharton gehitu zitzaien hurrengo erronkara. Berriro igo gabe zegoen pareta bat aukeratu zuten: Ogro I mendiaren hego isurialdea.
Abuztuaren 19an, gauerdi aldera, lehen elur eta izotz aldatsak igotzen hasi ziren. Ez ziren zailak, oso tenteak ere ez (60 gradukoak), baina, ordea, oso nekezak: «Igoera oso soila zen, baina era berean erabat nekagarria. Pixkaka-pixkaka metroak egin genituen; ehunka batzuk izango ziren. Hori bai, gero eta gorago arriskua handitzen joan zen. Eguerdi aldera serac ikaragarri batzuen azpian geunden. Zeharkaldi bat egitera behartuta ginen, geure ustez bidearen giltza izango zena. Eta hala izan zen. Beldur handia ematen zuen 55 metroko zeharkaldia egin zuen Haydenek. Arrokaren kalitatea oso-oso txarra zen. Harrituta jarraitu genuen gure sokakidearen eskalada: hondarra zirudien harkaitzean irrist egiten zuen, bloke zati handiak botatzen zituen, egundoko amildegia zegoen... Ordu batzuen ondoren, hirurok zati beldurgarri hori gainditu eta elurrezko zelai batzuetara heldu ginen».
6.500 metrora zeuden, eta biharamunean mistoko luze gogorrak eskalatu bazituzten ere, arrokaren kalitatea asko hobetu zen. Egun horretan, guztira 300 metro eskalatu zituzten. Alabaina, bibakean Whartonen osasunak txarrera egin zuen: aurpegia handitua zuen, txistu egiterakoan odola botatzen zuen, arnasa hartzeko arazoak zituen... Hitz gutxitan, buruko edema batek jota zegoela zirudien.
Soilik 350 metro falta zitzaizkien gailurrera iristeko. Whartonek kideei eskatu zien jarraitzeko, eta horrela egin zuten: «Hayden eta biok aurrera jarraitu genuen. Oso eskalada atsegina izan zen. Mistoko luze batzuk eta amaiera elur sakonarekin egin genuen. Tontorra egin eta Joshengana oso azkar jaitsi ginen. Agian kritikatuko gaituzte kidea bakarrik uzteagatik; izan ere, Ogrora talde modura joan ginen. Mendian egoera ezberdinak izaten dira, jarraitzea erabaki genuen eta uste dugu erabaki hori hirurok hartu genuela. Kontzientzia lasai dugu».
Hayden Kennedy eta Kyle Dempsterrek osatutako sokadak bi bide berri eta independente igo ditu K7 eta Ogro I mendietan.