GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Bodyboarda

Munduko bodyboard itzulia azken txanpan da

Txapelketa bakarra falta da munduko titulua nork eskuratzen duen jakiteko.

p050_f01_184x84.jpg


 
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Munduko bodyboard itzulia amaitzear da. Nesken kasuan, nahiz eta itzulia osorik amaitu aitzin txapelduna izendatu, azken proba arte gainontzeko postuak erabaki gabe zeuden. Puerto Ricon jokatu zen itzuliko azken txapelketako emaitzak erabakigarriak izan ziren.

Nesken kategorian Isabela Sousa brasildarra da 2012ko txapelduna. Azken txapelketan, beraz, bigarren postua zegoen jokoan eta ordura arte ranking orokorrean postu hori betetzen zuen Eunate Aguirre sopelarrak aurtengoan bigarren postua eskuratzeko aukera zuen. Aldiz, azken txapelketan 13. postuan geratu eta postu bat galdu zuen.

Horiek honela, 2012ko nesken bodyboard zirkuituan Karla Costa Taylor brasildarrak eskuratu du bigarren postua eta Eunate Aguirre hirugarren geratu da. Bere atzetik, laugarren postuan, Mayla Venturin brasildarra geratu da. Aurtengoan, beraz, brasildarrak nagusi izan dira.

Mutilen kasuan, berriz, zirkuitua amaitzeko proba bakar bat falta da. Hain zuzen ere, datorren abenduan Kanariar uharteetan jokatuko dena.

Puerto Ricon egin berri duten itzuliko zazpigarren probaren ostean ranking orokorrean aldaketa esanguratsuak eman dira eta 2012ko titulua nork eramango duen jakitea oso zaila da.

Jeff Hubbard da egun ranking orokorrean lehen postuan den lehiakidea. Bi bider munduko txapela irabazi duen hawaiiar honek irabazi zuen itzuliko azken proba, Encanto Pro. Finalean, wildcard bati esker parte hartu zuen Ruben Babby Quinones portugaldarren aurka lehiatu zen, eta, lortutako garaipenaren ostean, ranking orokorrean aldaketak eman ziren. Izan ere, ordura arte lehen postuan zen Dave Winchester australiarrak postu bat behera egin zuen, eta, hala, egun rankingeko bigarren postuan da. Hirugarren postuan Guilleme Tamega brasildarra dago, eta Pierre Louis frantsesa laugarren postura jaitsi da.

Alex Uranga zumaiarrak, bere aldetik, 17. postua eskuratu zuen azken txapelketan. Horrenbestez, ez du aldaketarik izan ranking orokorrean eta uneotan 13. lekuan jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo