GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Jendea eta bere eskubide santuak

Orain espezie berri bat agertu da urautsietan. Olatuen zain gaudela, uretako motoekin lagunduta, gure artean sartu eta bazterrak nahasten hasi diren «bakaladero» ohiak dira. Ez noa azken horiek zer merezi duten esatera. Eskubideen erreinuan, pentsatzen dena esatea, askotan, eskubide bat baino, delitua baita. Gurean, zoritxarrez, bada diodana berresten duen adibiderik.

p050_f04_97x88.jpg

 

Eskubideen gizartean bizi gara. Edozer justifikatzeko erabiltzen du eskubideen diskurtsoa Zuzenbide Estatua babesle duen hiritar onak. Alegia, ez pentsatu eta men egiteko hezi duten borondate oneko biztanle eredugarriak. «Zergatik ez dut hau egingo?»,«honetarako eta hartarako eskubidea daukat», «nire eskubidea da», eta abar.

Ez noa eskubideen gai honetan sakontzera. Soilik gauza bat azpimarratu nahi nuke: eskubideez mintzo direnak betebeharrak ere badituztela ahazten dutelakoan nago.

Lagun batek behin eta berriz errepikatzen zuen moduan, «Eskubide gehiago? Askatasun gutxiago!». Ekuazio sinplea da, horrela da, eta ikusten ez duenak, edo ikusi nahi ez duenak, oraindik hainbeste maite duen sistema horren erraiak ezagutzen ez dituelako da.

Gaur urautsietan inoiz baina jende gehiago dago. Mota guztietako tresnekin ikus daiteke jendea uretan olatuak hartzen. Batzuek, taula handiak dituztenek esaterako, olatu bat hartzeko askoz ere aukera gehiago dituzte, betiere zenbait taularekin askoz errazagoa baita olatua hartzea. Agian ez da justua, baina gutxienezko esfortzu bat eskatzen du.

Orain, ordea, espezie berri bat agertu da urautsietan. Olatuen zain gaudela gure artean sartu eta bazterrak nahasten hasi diren «bakaladero» ohiak dira. Uretako motoekin lagunduta, eguzkia eta olatu eskasak diren egunetan agertzen dira zarata eta kea botaz.

Hauek ere, noski, eskubideez mintzo dira. «Guk ere zuek adina eskubide dugu nahi dugun tokian olatuak hartzen ibiltzeko», diote. Eta noski, halako esaldi unibertsalekin ez dago arrazoi bidez erantzungo dion fede oneko gizakirik. Badakizue, jendea eta eskubideak. Aipatu hiritarren ohiko diskurtsoa.

Bosta axola zait eskubiderik ba ote duten edo ez. Afera zera da: arrazoia nork duen, kaltetua den urautsiko surflariak edo motoarekin nazka ematen ari den morroiak. Gauza bat garbia da. Eskubidea izan edo ez, bada inolaz ere aitortu ezin zaien zerbait; alegia, meritua.

Arraunean har ezin daitezkeen olatuak hartzeko hasi ziren erabiltzen uretako motoak. Gero, olatu handietako egunetan, hondartzetan urautsira joan ahal izateko, eta, egun, irizpide gabe dabil ia edozein. Lehen bi kasuetako surflariek errespetu bat merezi dutela diote; ni ez nago ziur, baina tira, gutxienez irizpide gabekoen multzoa osatzen dutenekin ez nahastea bidezkoa dela deritzot.

Nire ustez, motoekin olatuak hartzen dabilenak ez du bestelako laudoriorik merezi, baina aipatu azken multzoko horiek zer merezi duten ez noa esatera. Eskubideen erreinuan, pentsatzen dena esatea, askotan, eskubide bat baino, delitua baita. Gurean, zoritxarrez, bada diodana berresten duen adibiderik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo