GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Olatu handien sasoia indarrean: neguarekin batera prest dira olatu handietako txapelketak

Munduko olatu handien itzuliak aurrera jarraitzen du eta negu sasoiarekin batera txapelketak egiteko epeak ireki dira. AEBetan, Oregon hegoaldean Nelscott Reef eta Kalifornia iparraldean Mavericks, itsaski handien zain dira txapelketak egin ahal izateko.

p050_f02_148x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Olatu handien munduko itzuliak aurrera jarraitzen du, eta, neguko itsaski handiekin batera, indar hartzen du gainera. Gutxieneko baldintzak (zazpi metroko olatuak) izatea zail izaten da, horregatik itxaronaldi epeak luzeak izaten dira. Beraz, negua sasoi aproposa izaten da itsaski handien zain egoteko.

Horiek horrela, munduko olatu handien zirkuituko bi txapelketa itxaronaldi epean sartu dira. Biak AEBetan, bata Oregonen eta bestea Santa Cruzen; itsaski handi bat sartzen bada, txapelketa egiteko prest dira jada.

2012/2013 zirkuituko lehen txapelketa Txilen egitekoa zen, baina, aldiz, maiatzaren 1aren eta ekainaren 15aren bitartean, alegia, itxaronaldi epeak iraun zuen artean, ez zen mota honetako txapelketa bat egiteko beharrezkoa izaten den gutxieneko itsaskirik izan. Horrenbestez, behin epea pasata, txapelketa bertan behera geratu zen.

Zirkuituko bigarren txapelketa, ordea, Billabong Pico Alto, abuztuaren 14an egin zuten eta oso arrakastatsua izan zen. Carlos Burle brasildarrak irabazi zuen Peruko eskuin olatu erraldoietan.

Gary Linden surflari eta shaper ezagunak 2009. urtean sortu zuen olatu handien tour honetako lehen itzulia eta Carlos Burle berak irabazi zuen; beraz, esperientzia handiko surflaria da mota honetako txapelketetan brasildarra.

Big Wave World Tour (BWWT) olatu handien itzuliko hirugarren eta laugarren probak, berriz, indarrean dira. Nelscott Reef Big Wave Classic AEBetako Oregon estatuan egiten den txapelketa itxaronaldi epean aurkitzen da urriaren 1etik. Hala, uneotan, abenduaren 31 bitartean izan daitekeen itsaski indartsu baten zain dira.

Bestalde, Mavericks Invitational txapelketa ere itxaronaldi epean sartu zen azaroaren 1ean, eta, hemen ere, 2013ko martxoaren 31 baino lehen Kaliforniako kostaldea kolpatuko duen itsaski handi baten zain daude.

Itzuliko azken proba Mexikon izaten da, Todos Santos Big Wave Event txapelketa famatua. Aurtengoan, itxaronaldi epea urteko lehen egunarekin hasi eta otsailaren 28a bitarte luzatuko da.

Kalifornia Behereko hegoaldean aurkitzen den munduko eskuin olatu beldurgarria da Todos Santos, baina azken urteetan ez dute bertan txapelketarik egitea lortu, behar adinako itsaskirik izan ez delako.

Txapelketa bakoitzeko itxaronaldi epeak oso luzeak izan arren, txapelketa egiten denean egun bakar batean egiten da. Guztira 24 surflari lehiatzen dira txapelketa bakoitzean. Txandak 45 minutukoak izaten dira, eta, lehenik, sei kideko lau txanda egiten dituzte.

Txanda bakoitzetik hiru lehiakidek lortzen dute hurrengo txandara igarotzea; beraz, lehen txanda gainditzen duen lehiakidea zuzenean finalerdietara joaten da, eta, azkenik, finalean sei dira norgehiagokan aritzen diren lehiakideak.

Urtero egiten da tourra, baina txapelketa egin ahal izateko berezitasunak kontuan hartuta, ez da egiten urte natural batean, egutegiko bi urte hartuz baizik. Urte bateko apirilean hasten da eta hurrengo urteko udaberrian amaitzen da. Horregatik jartzen dituzte bi urte izenburuetan.

Olatu handietako txapelketek ospe handia hartu dute azken urteotan, baina bada behin eta berriz, arrazoi desberdinak medio, entzuten den izen bat: Mavericks.

Mavericksen munduko olatu handien itzuliko txapelketa egiten da eta sona handia du. Txapelketa ospetsu honek 2001ean Maldiva uharteetan hil zen olatu handietako surflariaren izena hartu du hasiera-hasieratik: Jay Moriarity. Izen hori behin eta berriz entzungo da aurrerantzean, izan ere, egunotan estreinatzen ari diren «Chasing Mavericks» filmak bere bizia kontatzen du.

Mavericksko urautsia kondaira bilakatzen ari da eta Moriatyk, hil ostean ere, zeresana ematen jarraitzen du. Santa Cruzko surflaria zendu eta hamar urtera, batetik edo bestetik, antza, asko dira kontatzeko dutenak.

Aipatu filmean Moriatyk kontseilari bat du, Mavericksko urautsian surf nola egin behar duen aholkatuko dion surflari bat. Bizitza errealean, aholkulari horrek izan bat du, Richard Frosty Hesson. 1963an surf egiten hasi eta 1980ko hamarkadan Mavericks esploratzen hasi zen surflari beterano horrek Jay Moriaty ezagutu zuen Santa Cruzen, eta, ordutik aurrera, bere gidari eta lagun bilakatu zen.

Orain memoria liburu bat egin du Ian Spiegelman idazlearekin batera, «The memoir of a surfing legend. Making Mavericks». Bertan, besteak beste, Moriatyrekin izan zuen harreman estua aipatzen du.

Baina Moriatyren sendia ez dago ados haren izena nolanahi erabiltzearekin eta iaz Moriatyren izena marka izenekin ez lotzeko eskatu zuten etxekoek.

Eztabaidaren ondorioz, txapelketak babesle nagusia galdu zuen eta txapelketa ez egitekotan ere egon ziren. Azkenean, aldiz, beharrezko babesleak lortu zituzten, eta, hala, egun oraindik BWWT itzuliko txapelketa izaten jarraitzen du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo