Jasone Mitxeltorena, Gabriel Vallin, Leire Saitua | Auzolan ekimeneko kideak
Elikadura burujabetza, herritarron burujabetza
Gaur egun zaila da, noski, antzinakoek izandako aniztasun eta oreka hori berreskuratzea. Baina urratsez urrats bilatu behar genuke burujabetzaranzko bidea
Zein da gure oinarrizko beharretako bat, bizitzeko indarra ematen diguna? Elikadura. Noiz utzi genuen gure elikadura esku arrotzetan? Nork erabakitzen du zer jan behar dugun eta jaten duguna nola ekoitzi behar den? Zenbat ordu lan egin behar dugu elikatu ahal izateko? Zenbat energia xahutzen da (nekazarien lana, elikagaien tratamendua, garraioa...) elikagaiak gure platerera iristeko? Nola eragiten digu jaten dugunak? Oinarri-oinarrizko galderak, egun bizi dugun egoera orokorraz ohartzeko.
Elikadura burujabetza, mundu mailan zabaltzen ari den bizitzeko modu oso bat, herritarron burujabetzarako bidea ere bada. Zer behar dugu elikadura burujabetzarako? Elikatzeko ditugun baliabideak ezagutu eta horien erabilerari buruzko gogoeta. Gure herrietan badira lurrak, oraindik bai, bertan bizi izan direnak mendez mende elikatu dituztenak. Baina egun, zein balio dute lurrek? Etxebizitzak eraikitzeko, salerosketa bidez dirua ateratzeko, aparkaleku, errepide eta azpiegitura berriak egiteko, edo jateko? Zein da egiazko beharra? Etxeak egiten segituko dugu, herriguneetan hainbat eta hainbat hutsik izanik?
Lurrak baditugu, horiek nola eskuratu? Jabego pribatuaren kontzeptua gure buruetan eraldatuz, eta jabetasuna eman egiten dela ulertuz. Gure antzinakoek bazekiten hori, eta hala, ondasunak herriarenak dira, herritarrek erabiltzeko eskubidea dutelarik. Eta egungo gazte zenbaitek ere ulertzen dute, beharrezkoak dituzten lurrak zuzenean eskuratzen dituztelarik. Herri-lur direnak erabili ahal izateko, tokiko erakundeekin adostu daiteke, hala egiten da geroz eta leku gehiagotan. Halaber, herri-lur desamortizatuak edo pribatizatuak izan direnak herriarentzat berreskuratzea zilegi zaigu. Eta azkenik, erosketa bidez bakarka eskuratu ezin ditugun lurrak kolektiboki eros ditzakegu, GFA Lurra elkarteak egiten duen moduan.
Behin lurra badugularik, hazia behar. Funtsezkoa da belaunaldiz belaunaldi eta elkartrukearen bidez sortu, garatu eta zabaldu diren tokiko haziak eskuratzea, eta horien erabilera zabaltzea. Edo elikadura burujabetza merkatuan haziak erosiz lor daitekeela ulertzen al dugu?
Baliabideak izan baditugu, baina zer ekoitziko dugu? Noski, egungo elikadura eta kontsumo ohiturak asetzeko adina baliabide ez dugu, eta ez lortuko ere. Zenbat Euskal Herri beharko lirateke bertako herritarrok kontsumitzen duguna asetzeko? Hala ere, EAEn kontsumitzen den elikagaien %5 baino ez da bertan ekoizten. Eta elikagaien erdia zaborretara botatzen omen da (saltoki handietan, nagusiki). Desoreka gehiegi eredu honi eusteko.
Eta zein da gure elikadura eredua, gure beharrak asetzeko helburua du edo merkatuaren interesak? 60ko hamarkadara arte, herritar gehienen elikadura zekale, lekale eta barazkietan oinarritzen zen, arrautzak, esnea, eta haragia neurri batean kontsumituz; orduz geroztik, haragia eta esnea bereziki merkatuan balio handiko gaiak dira, eta ekoizpen guneak masiboki ari dira horiek merkaturatzen. Eta eredua aldatzen: ordura arte jendeen eta abereen kontsumorako lantzen ziren soroak ia-ia desagertu egin dira, eta animaliak bazkatzeko belardiek hartu dute horien tokia. Edo pinuek -negurako elikagai garrantzitsua ziren gaztaina edo ezkurra- ematen duten basoen lekua ere horiek hartu dutelarik, Bizkaian eta Gipuzkoan bereziki. Araban eta Nafarroa Garaian, berriz, hainbat zekale eta barazkiren ustiatze intentsiboari bidea egiteko desegin dira zuhaitzak eta tokiko ekoizpenen aniztasuna, gehienetan, abereen elikadurarako.
Beraz, norendako ekoizten dugu, jendeok jateko, edo abereak hazi eta saltzeko? Nolatan bilakatu dira buruaski izandako landa-komunitateak hiriguneen ekoizpen gune eta, beraz, menpeko? Erantzun zehatz eta zorrotza: merkatuak eta erakundeen diru-laguntza politikek, eskutik hartuta baitaude, hala bideratuta. Eta bideratzen jarraitzen dute.
Nekazaritza zuzentzearekin batean, beharrezkoa izan da herritarren elikadura ohiturak ere bideratzea, lehen aipatutako neurriz kanpoko aberekien kontsumoa. Ohartzen gara horrek dituen ingurumen eta energia kostuez? Ohartzen gure osasunean duen eraginaz?
Izan ere, elikadura-industriak ezarritako eredu honek gaixotu eta menpeko egiten gaitu. Azukrea eta gainerako estimulanteak, aberekien toxikoak, koipea, elikagaien indar eza eta erantsitako gai kimiko guztiak... Aztertua eta frogatua izan da berez ekoitzitako elikagaiekin 800 kaloria behar ditugula osasuntsu eta indartsu izateko; aldiz, kalitate eskaseko elikagaien 200 kaloria hartu behar izaten ditugu indarrak hartzeko.
Berez, zekaleen ale osoak, lekariek eta barazkiek lagunduta, ematen digute osasuntsu izateko beharrezko indarra. Hala agertzen dute egungo hainbat elikadura-ildok eta hala ageri zaigu gure antzinakoen elikadura-ohituretan ere, aberekiak -neurri batean- eta basa-fruituak ere bazituztelarik. Antzinako erreferentziei behatuta, aniztasuna eta oreka jokatu izan direla ageri zaigu; ingurumenak eskaintzen dituen baliabideak zuzenean baliatuz (basa-elikadura) eta horretara egokitutako ekoizpen guneak sortuz (abereendako bazka mendi goietan, larreetan, jendeen eta abereen kontsumorako landa edo soro zabalak, sagardiekin batean, etxetik hurbil -zekaleak eta lekariak- eta baratzea, etxekoendako barazkiak ekoizteko).
Gaur egun zaila da, noski, antzinakoek izandako aniztasun eta oreka hori berreskuratzea, tartean, herri-sistema ahalbidetu duen komunitate-sarea desegin delako. Baina urratsez urrats bilatu behar genuke burujabetzaranzko bidea. Ekoizlearen eta herritarren figurak hurbilduz, landa eremuetako auzo-komunitateak berpiztuz, herri-baratzeak sortuz...
Merkatuak eta erakundeek baliabide handiak dituzte euren ereduak ezarri eta horiei eusten segitzeko; herritarrok, aldiz, ahalmena dugu: gure kontsumoaren bidez elikadura-eredua norabidetzeko, eta subjektu pasibo izatetik aktibo izatera iraganez, talde gisa sarean eratu eta gure ekoizpena erabaki, antolatu eta egiteko.