Ekarpenak egin ahal izateko, eztabaidarako ponentzia preso guztiei bidali die Sortuk
Batzarretan parte hartu ezin dutenez, eta euskal preso politikoen ekarpenak bermatu nahi dituztenez, Sortuk eztabaidarako ponentzia bidali die preso guztiei espetxeetara. Prozesua irekia dela gogorarazi dute eta atxikitzeko deia egin diete independentista eta ezkertiar guztiei.
GARA |
Sortu eratzeko prozesuko eztabaidarako ponentzia euskal preso guztiei bidali diela iragarri du alderdiak, presoek ere euren ekarpenak egin ditzaten. Izan ere, presoek alderdiaren prozesu eratzailearen parte izan behar dutela uste du Sortuk. Batzarretan zuzenean parte hartzerik ez dutenez, presoek ekarpenak egin ahal izatea bermatzeko modua dela adierazi zuen atzo Sortuk.
Alderdiaren bultzatzaileek berretsi dutenez, euren borondatea eratze prozesua «irekia eta parte hartzailea» izatea da. Horregatik, hasieratik bertatik gogorarazi dute prozesua euren burua independentista eta ezkertiartzat duten pertsona guztiei irekita dagoela, baita Euskal Herrian «independentzia eta sozialismoa» eraikitzearen alde dauden guztiei ere.
Txosten eratzailean, gainera, Sortuk argi eta garbi defendatzen du «estatu propioaren egiturak dituen Euskal Herri independente eta sozialista lortzeko» euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzen hasi beharra dutela, «dela estatuekin lortutako akordioen bidez, dela aldebakarrekotasunaren bidez».
Eztabaida batzarrak
Sortuk iragan azaroaren 10ean aurkeztu zituen Donostian alderdia eratzeko prozesuaren oinarri nagusiak, bai izaerari bai metodologiari berari dagozkionak.
Maribi Ugarteburuk agerraldian azaldu duenez, 300 lagun inguruk hartu dute parte udaberrian hasi zen prozesuan, eta jasotako ekarpen guztiekin osatu dituzte eztabaidagai izango diren txostenak.
Batzarrak hiru txandatan egingo dituzte. Lehenengo txandan -larunbata arte luzatuko dena-, oinarri ideologikoak eztabaidatuko dira; abenduaren 15ean, berriz, ildo politikoa; eta, azkenik, datorren urtarrilaren 26ean, antolaketa eredua.
Eztabaiden ostean, otsailaren 9an hautatuko dituzte barne karguak. Txostenei egindako ekarpenak nahiz zuzenketak ere bozkatuko dira.