Asiarekiko harremanak sendotzeko bidaia hasi du Barack Obamak
Barack Obama AEBetako presidentea atzo iritsi zen Thailandiara, presidentetzarako hauteskundeak egin ondorengo lehen bidaiari hasiera emanez. Egunotan bisitatuko dituen herrialdeekiko harremanak sendotzea litzateke bisitaren helburu nagusia. Nabarmentzekoa da Myanmarrera egingo duen bisita, bera izango baita Asiako hego-ekialdeko herrialdea bisitatuko duen lehen presidente estatubatuarra. «Bisita historikoa» izango dela diote begiraleek.
GARA |
Yangon Myanmarko hiriburu ohira gaur bertan joango da Obama. Orain arte Mendebaldeko potentziek baztertuta zeukaten herrialde hori, diktadura militarraren ezaugarriak direla-eta, baina bertako agintariek abian jarri duten demokratizazio prozesuak egoera aldatu egin du eta une honetan Myanmarko agintariak bisitatzeko modukoak dira, Etxe Zuriak eskaintzen duen irakurketaren arabera.
AEBetako presidentea Thailandiako hiriburuan arratsaldeko hirurak zirenean iritsi zen Bangkokera. Gaur Myanmar bisitatu ondoren, gauean Phnom Penh Kanbodiako hiriburura joango da, bertan egingo baitute Asiako hego-ekialdeko herrialdeetako buruek beren gailurra. Kanbodiatik zuzenean AEBetara itzuliko da Obama.
Bangkoken Yingluck Shinawatra Thailandiako lehen ministroarekin batera eskainitako prentsaurrekoan, Obamak esan zuen Ozeano Barera begira dauden herrialdeak beti izan direla bere lehentasuna. Merkataritza eta inbertsioak hedatzea litzateke bidaiaren helburua, estatubatuarrentzat lanpostuak sortu ahal izateko. Barack Obamaren lehen agintaldian ere herrialde horiekiko harremanak AEBetako diplomaziarentzat funtsezkoak izan ziren. Horri esker, Australiarekin, Thailandiarekin eta Vietnamekin zituen kooperazio militarrerako akordioak berritu zituen. Gainera, Washingtonek erabaki du munduan zehar sakabanatuta daukan flotaren zatirik handiena Ozeano Barera eramatea 2020. urterako.
Ez da harritzekoa, beraz, joan den azaroaren 6ko presidentetzarako hauteskundeak irabazi ondoren egindako lehen bidaiarako Asiako hego-ekialdea aukeratu izana. 2009an Etxe Zurira iritsi zenetik Asiara egiten duen bosgarren bidaia da egunotakoa, azken urteotako munduan Txinak gero eta garrantzia handiagoa duen adierazle.
Thailandia Asiako AEBen aliaturik onenetakoa da aspaldi honetan. Bi herrialdeen arteko harreman militarren hasiera Koreako gerraren garaian (1950-1953) eman zen. 2006an militarrek eman zuten estatu kolpearen eraginez Washingtonek eten egin zituen harreman horiek, baina handik urtebetera estatubatuarrek ahaztuta zuten kolpe hura. Thailandiarekin dituzten harremanen garrantzia nabarmendu nahi izan zuen atzo Ben Rhodes Obamaren aholkulariak.
Bhumibol Adulyadej Thailandiako erregeak Sirijaj erietxean hartu zuen AEBetako presidentea, 2009az geroztik bertan baitago, dituen gaixotasunen eraginez. Mundu osoan karguan denbora gehien daraman erregea da Thailandiakoa. Herrialdean bertan batek baino gehiagok esaten du Thailandiak 84 urteko monarkari esker eusten diola batasunari.
Erietxetik Gobernuaren egoitzara joan zen Obama, Yingluck Shinawatra lehen ministroarekin hitz egitera. Bi herrialdeen arteko harremanen egoera aztertzeaz gain, Asiako hego-ekialdeko gairik garrantzitsuenak ere aipatu zituzten, esaterako, Myanmarko bilakaera.
Obama gaur iritsiko da Yangonera. Thein Sein presidentearekin bilera egin ondoren, Aung San Suu Kyi oposizioko buru eta Bakearen Nobel saridunarekin elkartuko da AEBetako presidentea, hau da, orain bi hilabete Etxe Zurian hartu zuen emakumearekin.
Grandes multitudes se congregaron en Mumbai para despedir a Bal Thackeray, el polémico político nacionalista hindú que falleció el sábado. La capital financiera de India estuvo virtualmente paralizada, con tiendas y negocios cerrados y sin taxis. Thackeray era venerado por seguidores del partido derechista Shiv Sena que él fundó.
Obamak berak atzo Bangkoken esan zuenez, Myanmar bisitatzeko erabakiak ez du esan nahi bertako demokratizazio prozesua bukatutzat eman duenik, egindako urratsak onartzen dituela baizik.
Kanbodiako hiriburuan ASEAN elkarteak egingo duen gailurra baliatuko da Barack Obama presidenteak Wen Jiabao Txinako lehen ministroarekin eta Yoshihiko Noda Japoniakoarekin elkartzeko.