Josebe Egia
Europa zibilizatua
Irlanda da, Maltaren ondoren, abortuari dagokionez Europako herrialderik murriztaileena, alegia, emakumeak bere gorputzarekin zer egin erabakitzeko eskubide osoa gehien zapaltzen duena. Haurdunaldia eteteko, emakumearen bizitzak arrisku larri eta funtsezkoan egon behar du; hori zer den ez du zehazten legeak, eta sendagilearen irizpidepean geratzen da erabakia. Betikoa, legearen interpretazioaren eremu nahasia.
Eremu nahasi horretan hil zen Savita Halappanavar indiarra Galwayko ospitale batean. 17 asteko, bizitzeko aukerarik ez zuen umekia sabelean, sendagileek uko egin zioten berak eskatzen zuen abortua egiteari, zer eta umekiaren bihotza taupadaka ari zelako artean, eta gelditu zen arte, diagnostikatu eta lau egun geroago, ez zuten esku hartu. Ondorioa: emakume horren heriotza.
Sinestezina dirudien arren, sendagileek abortua ez egiteko eman zuten arrazoia hauxe izan zen: «Irlanda herrialde katolikoa da, eta legeak debekatu egiten du». Savitak esan zien bera ez zela ez irlandarra ez katolikoa, baina, jakina, legea denontzat da berdina, nazionalitate edo erlijio bereizketa barik. Batzuetan bai, besteetan ez. Abortua tabu samarra da oraindik Irlandan, legez debekatuta dago eta, gainera, onartzeko orduan nahiko nahasia da, alegia, interpretatzeko aukera zabala ematen du. Kasu honetan, baina, absurdoak goia jo du, izan ere, nola uler daiteke biziko ez den umeki baten bizitza babestea bizi ahal den emakumearenaren gainetik? Nola eduki daiteke emakume bat lau egunez bere bizitzaren alde egiteko eskatu eta eskatu eta legea eta erlijioa ahoan ezer ez egin? Nola izan daiteke hori legala, Europan, XXI. mendean?
Nola liteke horren zentzuzkoa dirudien gauza batek, hau da, emakumeak ama izateko edo ez izateko erabakia, bere bizitza erabat baldintzatuko duena, hartzeko eskubideak hainbesteko gatazka, eztabaida, lege, erreforma, epe eta suposamendu eragitea? Gaindituta dirudien arren, batzuetan eskubide horren onarpena behin betiko lortu dela uste badugu ere, atzera egiteko prest dauden politikariak agertzen dira, jendarteko sektore jakin batzuek akuilatuta, Eliza buru, eta berriz ere itzultzen gara emakumea ezereztatzera, bigarren mailako subjektutzat jotzera.
Europa zibilizatuan, giza eskubideei dagokienez Batasun eredugarrian, guztiontzako demokrazia eta berdintasuna iparrorratz duen horretan, herrialdeen esku uzten da kontu hau; herrialdeen izaeren, historien, tradizioen, sinesmenen, bilakaeraren esku. Erabaki egiten da zer-nolako tratamendua eman, legeztatu egiten da, baina beti dator hori errespetatu ez eta legeari buelta eman nahi diona, aitzakia bat ala beste jarrita jendarte eredu jakin bati eustearren, jendarte patriarkal elizkoi zaharrari, hain zuzen.
Guk hurbil, tamalez, Gallardon daukagu horren gudari. Europa mailan, baliteke Osasun ministroa abortuaren eta homosexualen kontra gogor egiten duen maltar bat izatea, bikote homosexualak zirkulazio libretik kanporatzea, adibidez, proposatu zuena. Europa ekonomiak kezkatuta dago, are kezkagarriagoa izan daitekeenari, askatasun ezari, erreparatu ere egin barik.