GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Azaroak 20

Ez dute berriro Kuba edo Filipinarik galdu nahi. Horregatik nahi dituzte garaileak eta garaituak. Behar patriotiko bat da. Biszerala oso. Horregatik daude hainbeste paraxutista demokratiko bertsio ezberdinetan «por qué no te callas» esanez ozartzen direnak

Akorduak gordetzen ditugun kutxa beltz horretan gaurko eguna efemeride hutsa baino zerbait gehiago da belaunaldi bat baino gehiagorentzat. Egun honen aurkiak Franco eta Jose Antonio Primo de Rivera ditu; ifrentzuak, aldiz, Santi eta Josu. Esku beltz ez hain beltzek erail zituztenetik akorduaren aldabak indar handiagoz jotzen du egun hau gure gogo-bihotzetan. Guri min egin egiteko aukeratu zuten gaurko eguna. Zauri bi egin zizkiguten, zauriekin batera Francorekin ere gogora gintezen. Diktadorea NO-DO zuri-beltzetan baino ezagutu ez genuenontzat, bederen, hala da. Dena ondo lotuta bere ohean hil zen gizon haren izenaren jabe praka luzeak janzten hasi ginenean egin baikinen. Osterantzeko Francorik gabeko frankismoaz, gutxi-asko, denok irakurri edo entzun dugu zerbait. Caudillo bihurtu aurrekoak, ordea, Sarrionaindiaren «Moroak gara behelaino artean?» liburuan jakin ditugu.

Afrika izan zuten eskola Francok, Molak, Carrero Blancok zein Millan-Astray bezalako hiper nazionalista harroek. Horrela gauzak argiago ikusten dira. Afrikarik gabe ezin zuen bere burua esplikatu Francok. Bota militarrekin zapaltzen zuen guztia Espainiako lurralde bihurtzen zuen. Millan-Astrayrentzat Katalunia eta Euskal Herria kantzer bi ziren Espainiaren gorputzean eta horretarako erremedioa faxismoa zen. Arrifien aurkako genozidioan ondu zituzten gero «Espainia iparraldean» erabiliko zituzten metodo ezagunak. Orain, egia esan, hobeto ulertzen dut adur hispaniko horren zergatia. Unidad de destino en lo universal hori. Nola ezin duten esplikatu beren burua Kataluniarik edo Euskal Herririk gabe. Ez dute berriro Kuba edo Filipinarik galdu nahi. Horregatik nahi dituzte garaileak eta garaituak. Behar patriotiko bat da. Biszerala oso. Horregatik daude hainbeste paraxutista demokratiko bertsio ezberdinetan «por qué no te callas» esanez ozartzen direnak. Annualeko desastrea zornea dariola dago oraindik errejimenaren aldeko nostalgiko askorentzat.

Ibili-ibilita, egia izango da historia ez dela lineala, ziklikoa baizik, joan-etorrian dabilela. Historia ofiziala dago, baina egiazko historiarena beste kontu bat da. Dena den, historia errepikatu egiten dela konbentziturik nago eta Millan-Astrayren atzoko hitzak gaurko ahotan dabiltza. Hori bai, faxismoa demokrazia hitzarekin mozorrotua dute. Eta zeru urdinaren gainean kaioak ezarri arren, ideologia bera dute atzoko eta gaurko hiper nazionalistek.

Benetan, orain hobeto ulertzen dut gureganako herra hori guztia. Independentziaren aurkako oldar hori. La Rojaren garaipenarekin erakusten duten larderia. Perejil zergatik defendatzen duten ere ulergarriago egiten zait orain. Baita zergatik ezartzen duten ere piperpotoa Gorbeiako gurutzean edo zergatik inposatu nahi dizkiguten herriko etxeetan. Are, zergatik Francisco Franco Fundazioari ere diru laguntza ematen dioten. Dena zait ulergarriago. «Denok gara Espainia». Horratx, labur esanda, haien bertsio ofiziala. Haien Azaroak 20a.

Orain ulertu dut zergatik nahi gaituzten menpeko eta gutxiengoturik. Zergatik nahi gaituzten burugabe eta ez burujabe.

Europako amazighak gara historiaren behe laino artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo