GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lapurdiko abiadura handiko trenbide berriko lanak 2017an hasteko asmoa salatu du CADEk

p018_f02_43247.jpg

GARA | BAIONA

CADEk abiadura handiko trenbide berria egiteko erabakia hartzeko protokoloa ez dela errespetatu salatu du. Azaroaren hastapenean AHTri buruz Donostian egin zen kongresuan Frantziako RFF Trenbide Sareko Hego Mendebaldeko Proiektu Handietako buru Etienne Picherrek honakoa adierazi zuen: «AHTren konexio frantses-espainola egiteko lanak 2017an hasiko dira, eta sei urte eta erdiz luzatuko dira».

AHTren kontrako borroka kudeatzen duen CADE elkarteak oroitarazi duenez, Frantziako Ekologia eta Garraio Ministerioak argiki adierazi du Lapurdiko trenbide berria eraikitzeko erabakia Garraio Behatokiak linea saturatzeko arriskua dagoela deliberatzen denean hartuko dela.

Hori dela eta, ingurumenaren aldeko kolektiboak eskaera zuzena egin dio Picherri: «Horrelako adierazpenak onartezinak dira egitasmo arduradun batengandik, nahasketa sortzeko modukoak dira eta beharrezkoa da gezurtapen bat ahalik eta lasterren izatea».

Baraualdia Gipuzkoan

Bestalde, AHTren aurka egiten den ari den baraualdia Gipuzkoara heldu da jada, Donostian eta Tolosaldean protesta egitarau osoak antolatu dituztelarik. Hilaren 10ean hasi zen ekimen hau Bizkaian, eta, ondoren, Nafarroara hedatuko da. Ostiraletik larunbatera Anoeta herrian egingo den egun bateko baraualdira biltzeko deia egin dute antolatzaileek, hurrengo egunean Tolosan baraualdiaren lekukoa Nafarroako kideei emateko.

Donostian aste osoan zehar egingo den baraualdian, AHTren lanengandik desagertzeko arriskuan dauden iturrietako ura edateko aukera izango dute. Horretarako, Urruñako Kurlekuko iturriko eta Tolosan Ernio mendi magaletik isurtzen den Damaiturriko ura hartu dute.

Atzo, 18.30ean, Bulebarretik abiatu zen kalejira batek eman zion Donostiako baraualdiari hasiera. Txalapartariek, rap abeslariek eta Sebastopoleko titiriteroek ere parte hartu zuten.

Gaur, 11.30ean, baraugileek gutun bat eramango dute Lakuako Gobernuak Andia kalean dituen bulegoetara. Ostean, Bulebarreko karpan AHTk Gipuzkoan egingo duen txikizioari buruzko erakusketa zabalduko da, 16.00etan. Jarraian, 18.00etan, enkartelada abiatuko da Artzain Onetik, eta, 19.00etan, mahai ingurua izango da Bulebarrean CADE, Sustrai Erakuntza eta AHT Gelditu! elkarlaneko kideekin.

Epaiketa Iruñean

Bestalde, atzo Iruñean hiru lagun epaitu zituzten martxoaren 27an Nafarroako hiriburuko Arrotxapea auzoan AHTren aurkako pintaketak egiteagatik. Pintaketa horien bitartez, murrizketa handiko garaiotan AHTk suposatzen duen diru-xahutzea salatu nahi zuten.

Pintaketa batzuk banketxeen leihoetan egin ziren. Hori dela eta, Caixabankek garbiketa lanak ordaintzeko erabilitako 72 euroak eskatu zituen kalte-ordain gisa atzo Iruñean egindako falta-epaiketan.

Hiru epaituak Antsoaingo udaltzainek atxilotu eta Iruñekoen esku utzi zituzten jarraian. Euren abokatuek atzo adierazi zutenez, ez da ez epaituen aurkako salaketarik, ezta pintaketak egin zituzten frogarik ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo