GARA > Idatzia > Kultura

Gazteentzako hiru ipuin liburu eta bi olerki bilduma aurkeztu ditu Elkarrek

Araitz Muguruza | donostia

Elkarren haur eta gazte literaturaren Xaguxar sailak hiru ipuin liburu eta bi poesia bilduma argitaratu ditu. Bi poesia liburuak Joan Mari Irigoienek idatziak dira, eta Antton Olariagak egin ditu ilustrazioak. Ipuin liburuak, berriz, Pello Añorgak, Gaizka Arostegik eta Txomin eta Peru Magdalenak idatzi dituzte. Horien ilustrazioak, berriz, Jokin Mitxelenak, Eider Eibarrek eta Iosu Mitxelenak egin dituzte hurrenez hurren. Atzo aurkeztu zituzten Elkarren Donostiako egoitzan.

Gertaera pertsonal batetik abiatuta idatzi ditu bi liburuak Irigoienek. Hain zuzen, 2012ko udaberrian bere bigarren biloba jaio baino lehenago esklerosi anitza diagnostikatu zioten Irigoieni, eta horrek bilobei testigantza bat uzteko «beharra» eragin zion. Bere momentuan irakurtzeko poema liburuak direla esan du; hala, «Urruneko motorrak mila zaldi» lana 10 urtetik beherako haurrei zuzenduta dago, eta, «Sasiak mendia jan», 12 urtetik gorakoei. Umorea, jolasa eta hitz-jokoak dira nagusi poesietan. Gazteen heziketan «sinetsi» egiten duela argudiatuz, kritika sozialari egin dio erreferentzia Irigoienek. Olariagak, bere aldetik, umeei «aztarnak» emateko helburuarekin ilustratu dituela lanok atzo azaldu zuenez.

«Urrezko orrazia», berriz, alabari gauetan kontatzen zizkion ipuinetatik sortu duela azaldu zuen Arostegik. «Hasierako ipuin klasikoak amaitutakoan, mitologiari lotutako pertsonaiak asmatzen hasi nintzen, baina gaur egungo neska arrunt baten ezaugarriekin». Sortutako fantasiazko istorio horiek asko gustatzen zitzaizkiolako gehiago sortzeari ekin zion Arostegik. Mikel Zarate haur literatura saria irabazi zuen ideia horrekin. Eider Eibar ilustratzailea, aldiz, «gustura» agertu da emaitzarekin: «Ni oso zurizalea naiz, baina liburu honetan ilunarekin jolasteko aukera izan dut; nire burua behartu behar izan dut.»

«Txomintxo eta Perutxoren abenturak» ipuineko egileak ipuin liburuaren izen berekoak dira: Txomin eta Peru Magdalena. Bi anaiek elkarrekin egiten duten lehen lana da. Anai bikiek eguneroko bizitzan oinarritutako istorioak kontatzen dituzte. Mitxelenak dio marrazterakoan liburuaren estiloa mantentzen ahalegindu dela: «Zirriborro antzekoa da, bihurria eta sueltoa».

Pello Añorgak ezin izan zuen atzoko aurkezpenera agertu, dena den, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak hitz egin zuen haren «Memoriaren zuhaitza» liburuaz. «Oroimenaren garrantzia» azpimarratu nahi izan du Añorgak bere liburuan Mendigurenek azaldu zuenez. Aitona eta bilobaren arteko transmisioaz ari da ipuina, zuhaitz batek berarengan duen eraginaz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo