GARA > Idatzia > Kultura

Alegiazko zein benetako animaliak batu ditu Txilikuk «piztiario» bikoitzean

p046_f03.jpg

GARA | DONOSTIA

Jose Mari Olaizola Txilikuk «Piztiarioak» liburu berria aurkeztu zuen atzo Elkar megadendan. Argitaletxe horrekin egin du ikasketaz ingeniari tekniko eta ofizioz irakaslea den zarauztar honek.

Liburuaren izenburua pluralean eman du bi piztiario uztartu dituelako argitalpen berean. Izan ere, letra bakoitzeko bi definizio eratu ditu; bata alegiazko animaliei buruzkoa eta bestea arraroak baina benetakoak direnei buruzkoa. Irudimenezko animaliak imajinatzen laguntzeko Jose Belmonte Rocandio ilustratzailearen laguntza izan du Txilikuk, zeinak 27 irudi sortu dituen idatzitako deskribapenetan oinarrituta.

«Piztiarioak» ohikoak ziren Erdi Aroan. Horiek ez zuten piztien deskribapen hutsa ematen, horien inguruan zeuden sineskeriak kontuan izanik, izakiaren jokamoldearen berri ere ematen zuten.

Txilikuk ildo horretatik jo du bere bi piztiarioak sortzeko. Guztira 54 animalia bildu ditu liburuan. Lehenengo alfabetoko animaliak, irudimenezkoak, antzinako piztiarioetatik eta fantasiazko liburuetatik atera ditu. Bigarren alfabetoko piztiak benetakoak dira, naturaren arauetara eta eboluzioaren bidera errotuak, baina batzuk, agian, ez dira oso ezagunak.

Txilikuk 2004. urtean «Osaba Bin Floren» liburuarekin haur eta gazteentzako literatura saria eskuratu zuen, baina, horrez gain, tradizioei lotutako bi liburu eta lau narratiba nobela ditu. Aurkeztu berri duen «Piztiarioak», bere esanetan, zaila da genero batean kokatzea, zientzia eta literatura nahasten dituen arren, ez baita dibulgazio lana, ezta saiakera literarioa ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo