Karlos Zurutuza «Tripoli-Kabul» liburuari buruz arituko da Irungo Kabigorrin
GARA | DONOSTIA
Karlos Zurutuza kazetariak «Tripoli-Kabul» liburua aurkeztuko du bihar Irungo Kabigorrin, 19.00etan, Gaumin argitaletxeko Fernando Morillo elkarrizketan bidaide izango duela.
«Tripoli-Kabul» liburuak bi hirien arteko urteetako ibilaldien berri ematen du. Zurutuzak berak bidean aurkitutako gerrak, goseteak eta bidegabekeriak deskribatzen dituzten hitzek egoera horiek bizi dituztenen une latzak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen diote irakurleari.
Zurutuzaren solasaldia «Kilkerren soka» egitasmoaren laugarren zikloaren baitan antolatu dute. Aurretik, azaroaren 15ean Ione Gorostarzu «Des egiten» nobelari buruz aritu zen Tolosan, eta azaroaren 17an Itxaro Bordaren txanda izango da. Borda Baionan izango da «Boga boga» eleberria aurkezten.
«Kilkerren soka» egitasmoak euskal literatura eta irakurzaletasuna bultzatzea du helburu, eta urteko sorkuntza ezagutarazteko eta irakurleekin partekatzeko balio du. Honela, herritarrek topaguneetan parte hartzeko aukera izango dute.