GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Izaskun Duque, Maitane Nerekan | Bildu

Denon dirua eta ezkutuko itunak

Bildun argi daukagu ez dugula ez udal fiskalitatean, ezta udalei dagozkien beste erabaki batzuetan ere, ezkutuko itunen sistema defendatuko

Zer diren ondo ulertzen ez badugu ere, herritarrok urtero ordaindu behar izaten ditugu OHZ (gaztelaniaz IBI), Ibilgailuen Zerga edo gure udalen finantziazioaren ezinbesteko zutabe diren beste zergak. Hori esfortzu ekonomikoa da guztiontzat; baina esfortzu hori are nabarmenagoa da egoera ekonomiko larria bizi duten familia zein banakoentzat. Esfortzua eta zergak ordaintzeko betebeharra guztiona bada, zelan da posible udal zergen inguruko erabakia alderdien arteko ezkutuko hitzarmenen menpe egotea?

Bildun argi daukagu ez dugula ez udal fiskalitatean, ezta udalei dagozkien beste erabaki batzuetan ere, ezkutuko itunen sistema defendatuko. Are gehiago, ez dugu bidezkoa ikusten herri batean erabakitakoak beste herri bateko neurriak baldintzatzea. Udal zerga eta tasen inguruko erabakiak, gardentasunez hartu behar dira, udal bakoitzaren eta horien parte diren herritarren egoera kontuan hartuz.

Bizi dugun garai ekonomikoa oso larria da Bizkaiko udal askorentzat, baina batez ere oso larria da udal horietan zergak ordaintzen dituzten milaka emakume-gizonentzat.

EAJk eta PSEk, bulegotxo batean su motelean egositako ezkutuko itun baten bitartez baldintzatu dituzte Portugalete, Gueñes, Ermua, Arrigorriaga, Galdakao eta Barakaldoko bizilagunek 2013an ordaindu beharko dituzten zergak. Zeri erantzuten dio herrialde mailako akordio horrek? Herritarren beharrizanei ez behintzat.

Bildun gogor salatzen dugu jarrera hori. Alkatetzan zein oposizioan egon, garai sozio-ekonomikoari eta herri bakoitzaren ezaugarriei egokitutako neurriak hartzearen alde lan egiten ari gara Bilduko alkate zein zinegotziok. Oposizioan gaudenon kasuan, ez dugu alkatetzan dagoenaren kolorea begiratzen gure proposamenak aurkezteko; jarrera eraikitzailearekin, progresibitate irizpideetan oinarritutako proposamenak aurkeztu ditugu, gehiago daukatenek gehiago ordaindu dezaten gutxiago daukatenen mesedetan.

Horrela lan egiten ari gara herriz herri, OHZ ordaintzen laguntzeko ordenantzak bultzatzen edo igoerak beharrezkoak direnean, horiei mugak jarriz. Argi dugu udalen finantziazioan ezinbesteko diru sarrera direla Plusbalioa, IAE, OHZ, Ibilgailuen Zerga edo zaborren tasa, beste askoren artean. Horiekin lortutako dirua, politika sozialetan egindako inbertsioa indartzeko beharrezkoa da, besteak beste. Horregatik, udal finantziazioa nabarmen kaltetu ez, baina langabezian edo errenta baxuekin aho asko elikatu beharrean dauden familiei egokitutako neurriak hartzearen alde lan egiteko konpromisoa hartu d Bilduk. Horretarako, gehiago dutenen esfortzu handiagoa beharrezkoa da (luxuzko autoengatik zerga altuagoak exijituz adibidez).

Bide horretan lan egiten jarraituko dugu, politika egiteko beste modu bat posible dela sinesten dugulako, gardena eta hurbila. Ezkutuko itunak ez dira gure politika egiteko modu horretan sartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo