GARA > Idatzia > Euskal Herria

Haizeberrituta etorriko da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia

Maider IANTZI | IRUÑEA

Leiho bat irribarre batekin. Txantrea auzoko betiko leiho bat; irekia, zabala, baikortasunetik abiatua, haizeberritzeko asmoz. Horixe da Sortzen-Ikasbatuazek eta Bernat Etxepare ikastetxeak antolatutako Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko jaiaren irudia. Leloa, berriz, «Haizeberritu, auzo eta lan».

Aitziber Martinez de Lagos Sortzen-Ikasbatuaz-eko koordinatzaileak, Josu Santesteban Bernat Etxepareko aitak eta logotipoaren egileak, eta Mikel Larraza zentroko zuzendariak aurkeztu zuten atzo maiatzean izanen den urteroko jai honen edizio berezia, Txantxo maskotak alaituta. Berezia, hasteko, bi egun izanen dituelako, 18a eta 19a. 18an Sortzen-Ikasbatuazen bi hamarkadatako ibilbidea marraztuko dute; 19a, aldiz, elkarte berrituaren erakusleihoa izanen da, hasi duen gogoeta prozesuaren ondorioen erakusgarri.

«Egun horretan, praktikan ikusiko dugu nolako eskola eredua irudikatzen dugun. Sei gune jarriko ditugu eta bakoitzak ezaugarri bat erakutsiko du: euskararena batek, pedagogia berritzailearena bertze batek...». Hausnarketa hasi dute helburuak berriro finkatzeko, lan ildoak eztabaidatzeko eta antolakuntza berritu bat ezartzeko, eta jaia erabat lotuta egonen da prozesu honekin.

Gurejaia.info-n arroparen argazkiak ikus daitezke -gaur 17.00etan, Bernat Etxepare ikastetxean, moda desfile bat eginen dute-. Abestia eta bideoa labean dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo