GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hurkoak borondateen erregistroa sustatu nahi du

GARA | BILBO

Hurkoa elkarteak menpekotasun kognitiboa dutenen senitarteko, tutore edo profesionalentzat aurretiazko borondateen erregistroa sustatzeko eskatu du, «pertsonen bizi-kalitatea ziurtatzeko».

Hurkoak azaldu zuenez, «izatezko zaindariek arazoak izaten dituzte menpekotasuna duen pertsonaren ordez erabaki behar izaten baitute, historia pertsonala zein den jakin gabe».

Elkarteak adierazi duenez, sarritan ezintasuna duen pertsonaren bizitza luzatu egiten da, nahiz eta protagonistak horrelakorik nahi ez izan. «Hortaz, aurretiazko borondateen erregistroak izugarrizko balioa dauka. Etorkizunean menpekotasun egoera izanez gero, euren bizi-kalitatea bermatzen delako», adierazi zuten elkarteko kideak.

Datuen arabera, gero eta bizi-itxaropen handiagoa duen gizartean, gora egin du menpekotasun kognitiboa duten pertsonen kopuruak. Hurkoaren iritziz, «funtsezkoa da aurretiazko borondateak zabaltzeko urratsak egitea. Erabakitzeko gaitasunik ez duenean, pertsonak bere bizitza nolakoa izatea nahi duen garbi utziko duen dokumentua izango da». Menpekotasuna dutenentzat soilik ez, «tutoreentzat ere onuragarria izango da: izan ere, erabaki zailak hartu behar izaten dituzte, erregistroa bete ez denean».

Hurkoaren esanetan, dokumentu hau ez litzateke «itxia» izango eta «interesdunaren arabera nahi beste aldatu ahal izango litzateke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo