GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Jauregi Kazetaria

Ez dago musik

Hasi da jokoa. Kartak banatuta daude. Ez dago beste itzulirik, ez da erregerik etorriko; ez da batekorik azalduko, txikian lagundu eta jokora 31 izateko; ez dago beste txoteko baterako aukerarik dupleak osatzeko... Jokalari bakoitzak esku artean duen horrekin konformatu beharko du, eta horrekin irabazten saiatu.

Horrek egiten du musa erakargarri. Egun batean errege-zaldiak ikusi eta ikusi arituko zarela, erabateko gozamenean, eta partida erraz antzera irabaziko duzula. Kasik aspertzeko punturaino. Hurrengoan, aldiz, kartarik onena, eskua joan eskua etorri, zazpikoa izango duzula, eta, hala ere, aurkariari ziria sartu eta garaipena muturraren aurrean lapurtuko diozula. Eta muslari onak bi egoerak kontrolatzen jakin behar du. Aurkariak eskuan zein karta duzun eta buruan zein jokaldi darabilzun igartzerik ez badu, asko duzu irabazia: hiru errege eta hogeita hamaika eskutik izan, edota bi lauko apal eduki.

«Muslari ona karta onik gabe jokatzen duena da», zenbatetan entzun ote dugu? Eta egia da. Baina azkenean, futbolean bezala, irabaztea gustatzen zaigu. «Tiki-taka»-rekin edo «catenaccioa»-rekin; kartarik gabe edota 31 eskutik izanda. Irabazi, eta aurkariak ordain ditzala garagardoak.

Euzko Alderdi Jeltzalea musean zer moduz moldatzen den oraindik ez dakigu. Arrazoi bategatik: kartak banatzen diren bakoitzean, errege, zaldi eta enparauak iristen zaizkiolako. Eskua joan eskua etorri. Lau erregetara izan edo zortzira. Aurkariek aspaldi hartu zioten susmo txarra: tranpak egiten ote dituen, alegia. Kartak gordetzen ditu alkandoraren mahukan? Poltsikoren batean? Mahai azpian? Keinuka aritzen da, partida hasterakoan debekatzea hitzartu bada ere? Nola egiten du beti aurkariek baino jokaldi hobea ateratzeko?

Azken partidan denera jo zuen: handira, txikira, jokora... Guztiaren beharra izan zuen, baina txapela Iturberen burura azkenean. Itsusi jokatuta, «catenaccio» garbian, baina garaile.

EAJk musean badakien jakiteko modu bakarra dago: kartak kendu behar zaizkio -agerikoak eta ezkutuan dituenak- eta haren aurpegierari begiratu behar zaio, keinurik egin ez dezan egiterik ez dagoenean. Has bedi hiruko, bosteko eta txotekoekin jokatzen. Gainerakoak bezala. Eta irabazten badu, zoriondu. Eta galtzen badu, ordain ditzala zerbezak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo