Independentziaren aldekoen kopurua hazi egin da azken hilabeteotan EAEn
Lakuako Gobernuak azken zortzi hilabeteei dagokien Soziometroaren berri eman zuen atzo, bi ondorio nagusirekin: batetik, independentziaren alde dauden herritarrak gero eta gehiago direla eta, bestetik, estatutua mantentzearen alde daudenak nabarmen gutxiago direla.
GARA | GASTEIZ
Independentziaren alde daudenak eta, oro har, subiranotasun handiagoa nahi dutenen kopuruak gora egin du nabarmen Euskal Autonomia Erkidegoan azken zortzi hilabeteetan. Hori ondorioztatu daiteke Lakuak atzo aurkeztutako Soziometro delako azterketari so eginda.
Inkesta horrek erakusten duenaren arabera, burujabetzaren aldeko herritar kopurua izugarri hazi da azkenaldian. Independentziaren alde agertzen direnen portzentajeak lau puntu egin du gora, %23tik 27%ra. Ez da igoera bakarra izan. EAErentzako eskumen gehiago eskatzen dituztenen kopurua ere hazi da. Hiru puntu, kasu honetan, %22tik %25era.
Irudiaren beste aldean, jarrera unionistek kolpe handia jaso dute azken hilabeteetan. Autonomien estatua, alegia, egungo egitura mantendu nahi dutenen ehunekoa zortzi puntu jaitsi da, %40tik 32%era. Atzera egin dute, halaber, espainiar Estatuaren zentralizazioa eskatzen dutenek, %6tik %4ra.
Mintegik notarik onena
Herritarrek buruzagi politikoei emandako «noten» artean, nabarmena da denek jasandako jaitsiera bortitza. Nota onena Laura Mintegik, EH Bildu koalizioko lehendakarigaiak, atera du, 4,3 jasota. Halere, zehaztu beharra dago azterketa horretan ez duela bilakaerarik, aurten ageri baita aurrenekoz Soziometroan.
Mintegiren atzetik, Iñigo Urkullu ageri da, 4,2ko punturekin. Lehendakari hautatu berriak lau hamarren egin ditu atzera ekaineko emaitzekin konparatuz. Patxi Lopez hirugarren postuan da, 4ko puntuazioa jasota. PSEko liderrak hiru hamarren galdu ditu azken lau hilabeteotan. Antonio Basagoitik 2,3 jaso du, sei hamarren galduta, eta azken postuan Gorka Maneiro ageri da, UPyDko legebiltzarkidea. Rosa Diezen alderdiko kideak 2 puntu atera du orotara, ekaineko emaitzetik ia puntu bat jaitsita.
Lana eta zerbitzu publikoak
Galdeketa erantzun dutenen iritziz, Lakuako hurrengo gobernuak, Urkulluk zuzenduko duenak, alegia, lau helburu nagusi izan beharko lituzke: alde batetik, enplegua sortzea, bestetik, osasun zerbitzuak bere horretan mantentzea, hezkuntza sistema publikoaren kalitatea mantentzea eta laguntza eta zerbitzu sozialak indartzea.
Zerga sistemari dagokionez, gehiengo handi batek, %70ak, bere horretan mantentzea nahi du, egungo zerbitzuak mantenduz. Erantzun dutenen %9k zergak igotzea onartuko lukete horrek zerbitzu publiko hobeak ekarriko balitu eta %10ek kontrakoa nahi dute, zergak jaistea.
Independentziaren alde diren herritarren ehunekoa %27ra iritsi da, lau puntu gora eginda. Eskumen gehiago nahi dutenak %25 dira egun. Hau da, galdeketa erantzun dutenen %52k beharrezko ikusten du burujabetza handiagoa izatea. Egungo estatusa mantendu nahi dutenak %32ra jaitsi dira.