Etxartek ohiko egoerak bildu ditu «Sinplistak» liburuan
Poema liburu hau argitaratzen duen hirugarrena da eta, gaiari erreparatuta, ez dauka zerikusirik lehenengo poesia liburuarekin, «Suzko lilia» bildumarekin. Eguneroko bizitza oinarrian izanik, hiru zati osatu ditu, eta horietako bakoitzak hamalau poema biltzen ditu.N.B. | DONOSTIA
Hedoi Etxarte idazle nafarrak «Sinplistak», bere hirugarren liburua, aurkeztu zuen atzo Donostian, Gorka Arrese, Susa argitaletxeko editorea, lagun zuela. Azken honen hitzetan, ez dago euskarazko poesia arloan Etxarte bezalako idazlerik.
«Sinplistak» ez da idatzi duen lehenengo poesia liburua, baina editorearen esanetan, ez dauka zerikusirik 2008an idatzi zuen «Suzko lilia» liburuarekin. «Oso soziala da, gaur egungo bizitza arruntaz hitz egiten du, amodioaz, sexuaz, langabeziaz, politikaz edo kapitalismoaz, adibidez». Estiloari buruz adierazi zuen artifiziorik gabe idazten duela, bizkor, eta batzuetan zakar.
Liburuak hiru zati ditu; triptiko edo sinfonia bat osatzen dute, eta atal bakoitzean antzeko egitura izanik askotariko gaiak jorratzen dituzten hamalau poema daude. Zatien arteko tarteetan «Interludio» izeneko bi poema luze daude, «arnasa hartzeko».
Poemek ohiko egoerez hitz egiten dutenez, pertsonaia eta leku izen asko agertzen dira -batez ere Gasteiz eta Iruńerrikoak-. Hala ere, Etxartek berak azaldu zuenez, ez da saiakera bat, ezta fikziozko lan bat ere, eta pertsonaiak ez dira benetakoak. Karikaturak sortzen ditu eta erraza da edonor pertsonaiekin identifikatuta sentitzea.
Liburu honen helburua ez da galderak planteatzea, baizik eta errealitatean dauden erantzunak biltzea eta horiei zentzu berri bat ematea.
Lau urte eman ditu poetak lan hau burutzen; lan handia egin du testu guztiei batasun bat emateko. «Poema bakoitzaren forma zaindu dut, esketx moduan osatuz, ez bakarrik gaia», esan zuen Etxartek.
Paperezko euskarrian liburua 15 euroan dago salgai, baina interneten doan irakurtzeko aukera ere badago Susaren webgunean. Testuek Creative Commons baimena dute, eta horren arabera posible da irabazi asmorik gabe partekatzea, idazkiak norenak diren adieraziz gero.