GARA > Idatzia > Euskal Herria

AEK-k eta euskara ikasleek Korrika laguntzaile izatera animatu dituzte herritarrak

Gorka Martin, Olga Lopera, Tomas Arroyo eta Gillen Morales euskara ikasleek mintzapraktika ederra egin dute, Korrika Laguntzailea kanpaina aurkezteko, komunikabideen aitzinean euskaraz ausartuta.

p024_f01_148x120.jpg

Maider IANTZI | IRUÑEA

«Eskerrik asko, Gorkari, Olgari, Tomasi eta Gilleni. Eta, euren bidez, euskara ikasten ari diren guztiei». Hitz horiexekin eman zion hasiera Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak Korrika Laguntzailea kanpainaren aurkezpenari, Iruñezar euskaltegian, aitzinean zituen ikasleei begira. «Zuek gabe, gu ez gara inor».

Gillen Moralesek hartu zuen hitza, ikasleentzat euskarari laguntzea «harro sentitzekoa» dela errateko eta herritarrei ere babesa eskatzeko. Edurne Brouard Korrika 18ren arduradunak azaldu zuenez, Korrikak sostengua behar du, herriaren eta herritar bakoitzaren laguntza ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Edizio guztietan bezala, Euskal Herri osoa lasterka zeharkatzen duen ekimen handi honek bi helburu ditu, gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. «AEK-k ikasleak behar ditu, eta ikasleek AEK indartsu bat», adierazi zuen Brouardek. Horretarako, «ezinbestekoa» dute Korrika laguntzaileek osatzen duten sostengu sarea.

Babes hori nola edo hala itzultzeko, pin-a eta Euskal Herriko hirurehun denda baino gehiagotan beherapenak ahalbidetzen dituen txartela emanen diete laguntzaile egiten diren guztiei.

«Aurten hasi naiz euskara ikasten, ilusio handiarekin, baina oraindik lotsa eta beldurra dut hitz egiteko», ekin zion Gorka Martinek ahots apalez baina tinko. «Espero poder soltarme y la próxima vez hablar en euskara», segitu zuen. Jende guztia animatu zuen berak bezala urratsa egitera eta bizi garen lurralde honetan euskaraz eta gaztelaniaz egiteko aukera bera egon behar dela defendatu zuen.

Euskaltegian hiru urte darama Tomas Arroyok, eta bera harago joan zen eta, Nafarra izanik, doan ikastea bere eskubidea dela erran zuen. AEK-koek ere euskara ikastea doakoa izan dadin dei egin zieten botere publikoei.

«Kolonbiatik etortzean konturatu nintzen hemen beste herri bat, beste hizkuntza bat zegoela. Gustura, pozik nabil ikasten. Baina diru asko behar dugu, esfortzu handia egin, eta zuen laguntza, denon laguntza behar dugu», azaldu zuen Olga Loperak erraztasun handiz.

Mugikak jakinarazi zuenez, idatziz jasota dago azken hamarkadetan euskarak 300.000 hiztun irabazi dituela eta horren erdia euskaltegietan euskaldundu diren lagunei esker izan dela. «Etorkizun hurbilean kopuru hori handituko bada, eta hala izatea espero dugu, egun euskaltegietan ikasten ari direnei, egungo ikasleei, zor diegu». Horregatik jasoko dute aurten omenaldia.

Brouard «hunkitu» egin zen ikasleak hain ongi solasean adituta. Elkarbizitza euskaraz eraiki behar dela eta euskaldunak gero eta gehiago izateko ikasleak behar direla nabarmendu zuen.

nola lagundu

Korrika laguntzailea izateko aski da AEKren edozein euskaltegitara joatea edo Korrika.org webgunean sartzea. 12 euroren truke, pin-a eta 300 denda baino gehiagotan deskontuak ahalbidetzen dituen txartela ematen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo