GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alderdi ezberdinetako gazteek Belfastera egingo dute bidaia Lokarrirekin

Mikel PASTOR | BILBO

Joan den urteko esperientzian oinarrituta, Lokarrik «Berradiskidetze zubiak igaroz» proiektua martxan jarriko du aurten ere, atzo adierazi zuenez. Sentsibilitate politiko ezberdinetako zazpi gaztek lau egun emango dituzte Belfasten, eta euren arteko elkarbizitza lantzeko ez ezik, egonaldia Ipar Irlandako erakunde eta ordezkari politikoekin batzartzeko baliatuko dute.

Andoni Rojo (Ezker zbertzalea), Koldo Bilbao (EGI), Ander Bilbao (Gazte Abertzaleak), Alain Coloma (JSE) eta Xabi Soto (Alternatiba), Lokarriko bi kiderekin batera, gaur abiatuko dira Ipar Irlandara eta igandera arte izango dira bertan.

Maialen Lizarralde Lokarriko kideak adierazi zuenez, «2011ko abenduko proiektu paretsuaren balorazioa oso ona izan zen, halako esperientziak beste egoeretatik ikasteko eta sentsibilitate ezberdinen artean elkarrizketa eraikitzaile baten oinarriak finkatzeko baliagarriak direlako». Urtebete pasata, bidaia errepikatzea erabaki dute, baina beste protagonista batzuekin.

Batzarrak eragileekin

Pentsamolde desberdineko gazteon artean elkarbizitza lantzeaz gain, bestelako eremuak ere jorratuko dituzte proiektuaren protagonistek. Lokarrik, Belfasten dituen kontaktuen bidez, hainbat bilera, eztabaida eta bisitaz osatutako agenda anitza osatu du, Ipar Irlandako bake prozesuan toki adierazgarria izan zuten elkarteekin.

Lau eguneko agenda horretan, bakearen eraikuntzan parte-hartzea izan duten elkarte eta norbanakoekin batuko dira. Irlandako Parlamentua ezagutuko du taldeak Dublinen Sinn Fein-eko gazte elkarteko kideekin batera, Belfastera joan aurretik Eireko hiriburuan geldialdia egingo dutela aprobetxatuz.

Bakearen eta memoriaren alde lan egiten duten erakundeekin ere zenbait bilera eta mahai inguru gauzatuko dituzte, Healing Throug Remembering edo Intercomm erakundeekin kasu, bai eta gazte erakunde eta alderdi politikoetako gazte elkarteekin.

Horrez gain, Ipar Irlandako gatazkan bizitako indarkeriaren lekuko diren Belfasteko hainbat gune eta erakusketa ezagutuko ditu taldeak, hiriko pertsona esanguratsuen eskutik.

Esperientzia honen bidez, Lokarrik «duela urtebete sortu zen harreman eta konplizitatea indartu nahi du, bidaiaren itzuleran taldeak hartutako konpromisoari jarraipena emanez».

Andoni Rojo, ezker abertzaleko ordezkaria pozik agertu zen hastear den esperientziari begira: «Oso interesgarriak iruditzen zaizkit euskal gatazka beste ikuspuntu batetik bizi duten protagonisten iritziak. Gure artean dauden ezberdintasunez haratago, abentura aberasgarria izatea espero dut».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo