GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Elefante arrosa baten gainean

Aitor Merinok badu erronka berri bat. ETAko kide izandako lagun bat duela azaltzea bere Madrilgo lagunei. Asier Aranguren 2003an atxilotu zuen Polizia frantsesak ETArekin zerikusia zuelakoan. Zazpi urte eman zituen espetxean, 2010ean askatasuna berreskuratu zuen arte. Hori baino lehen ezagutu zuten elkar bi nafarrek. Gaztetako lagunak dira Merino eta Aranguren, baina bien bideak banandu egin ziren Aitorrek Madrilera joatea erabaki zuenean. Aktore izan nahi zuen.

«Asier eta biok» dokumentalarekin Merinok Arangurenekin mantentzen duen harremana «naturalizatu», «humanizatu» edo, sinpleki, erakutsi egin nahi du egoera horiek arrotzak eta ezezagunak zaizkien garunen barnean.

Amari elefante arrosa bat erosi duzula esatea bezalakoa da. Desilusioa sortuko genioke, kezka eragin eta, azkenik, galdera soka luzeari erantzutera behartuko gintuzke, egoera bideratu eta ulergarritasun oinarri minimoak ezarri ahal izateko.

Galderak dira, zentzu horretan, Merinok sorrarazi nahi dituenak, eta ahal den neurrian, erantzunak aurkitu, bisutsa leuntze aldera. Pertsona batek bestearekin duen lotura ohikoa, are ohikoago bilakatu nahi du aktore eta zuzendari nafarrak. Harreman poliedrikoa agertu nahi du, eta laguntasun baten eta besteen arteko zubi lanak egin.

Azken batean, elefante arrosa bere berezko kolorera eramatea da dokumentalaren helburua, konfrontazioa areagotzea baino, galdera-erantzunen bitartez errealitatea bera aurkeztea, Estatuan azken hamarkadetan distortsionatu den egiaren zati bat probatzeko aukera ematea.

Elefantearen gainean jartzeko gonbita da Merinok bere Madrilgo lagunei egiten diena. Giza harremanak lurreko ikuspegitik baino apur bat gorago jarri nahi ditu ikuslearen begiak, eta prisma desberdin batetik ikusarazi geure herrian ohikoa zaigun egoera berbera. Grisari koloretako zertzeladak margotuko badizkio, bejondeiola, nahiz eta elefanteak belarri arrosetatik entzuten jarraitu. Edo entzun nahi ez izan. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo