GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Hobe hortik ez segitzea

Badabil zuhurragoa dirudien beste esplikazio bat. Etorkizunean -datorren udaberrian, demagun- Iranen aurkako eraso handia burutuz gero zer gerta litekeen begiztatzeko proba-saio bat, alegia

Astebetez, azaroaren 14tik 21era, Netanyahuren gobernuak Gazaren aurka egin duena esperimentu bat izan dela argi dago edonorentzat. Nola eta noiz amaitu den ikusi besterik ez dago. Beste zernahi izatekotan, bastante gehiago iraun beharko zuen, eta tenore ezberdineko amaiera izango zuen, antzezpenean besterik ez bazen ere. Bego horretan. Nahikoa eta gehiegi dira 160 hildako.

Zertarako edo zeren esperimentua izan nahi zuen da kontua. Batzuen ustez, ia bi urte hauetan eskualdean izan diren aldaketei neurria hartzeko antolaturiko erasoa litzateke, nagusiki. Beste lau urtez Obamarekin aritu beharko dutela jakin eta astebetera hasi izana ez da kasualitatea, ziur. Baina jendea akabatuz «ikerketa diplomatikoak» egin litezkeela onartuta ere («mailua beste lanabesik ezagutzen ez duenak...»), ez da oso ulergarria zioa. Aldez aurretik espero zitekeena besterik ez delako gertatu: Anaia Musulmanen agindupeko Egipto bete-betean murgildu da su-etena lortzen eta, zeharka bederen, iraganean inoiz aurkitu ez duen babesa eman dio Hamasi; Turkiak beste urrats egin bat du eskualdean bere itzal politikoa eta diplomatikoa hedatzeko; Siriak ez ikusiarena egin du, eta harekin bat egiten duen Hezbolak aurreagoko lanak badituela jakinarazi die gazatarrei... Ezusteko bakarra, Israelen erasoaren alboondorioa balitz, Mursik Egipton eman duen «kolpe juridikoa» litzateke, eta ez nuke esango Israelentzat bereziki atsegina izan behar duenik.

Badabil, alabaina, zuhurragoa dirudien beste esplikazio bat. Erasotakoen erantzuteko ahalmena, eta erantzun horri aurre egiteko Israelek eduki dezakeen gaitasuna, neurtzeko saioa izango omen litzateke. Etorkizunean -datorren udaberrian, demagun- Iranen aurkako eraso handia burutuz gero zer gerta litekeen begiztatzeko proba-saio bat, alegia. Ez da horren zentzugabea.

Hala balitz, saioaren emaitzan legoke benetako arazoa. Israelgo armadaren ingurumarietatik datozen argibideei jaramon egin behar bazaie, astebete horretan Gazatik jaurtiki diren 1.500 misil eta suzirietatik laurehun bat -herena baino gutxiago- atxiki ditu «Kipat Barzel» defentsa sistemak. Israeldar hiriguneetatik kanpo erori badira ere 875 (erdiak baino gehixeago, beraz), herrigune horietan erori dira ia hirurogei, defentsa sistema gainditu ondoren. Israelgo armadak, edonola ere, ez du argitu nahi izan misilen aurkako bere sistemak zenbat tiro egin dituen emaitza hori lortzeko, atxikitako misil bakoitzeko intertzeptatzaile bat baino gehiago jaurtikiko zela ziurtzat eman behar bada ere. Ahalegin horren kostua igartzeko, gogoan izan behar da misil atzemaile horietako bakoitzaren prezioa 90.000 dolar ingurukoa dela.

Gazatik jaurtikitako misil ahaltsuenak, bestalde, Tel Aviv eta Jerusalemera iritsi dira. Iranek, zuzenean nahiz zeharbidez, hela- razi dizkien Fajr-5ak (Weishi txinatarraren moldakuntzak) direla ebatzi dute Israelen. Ezinbestez ondorioztatu beharko da Hezbolak Libanon beste horrenbeste, eta gehiago, duela. Eta haien aurkako defentsa sistemak zulo nabarmenegiak erakutsi dituela.

Hobe, hobe bide horretatik ez segitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo