Independentistak Sareak arrakastatsutzat jo du Hego Amerikan barna egin berri duen bira
GARA | DONOSTIA
Independentistak Sareak Euskal Herriko krisi ekonomikoaren, aldaketa politikoaren eta independentismoaren aurrerapenaren berri emanez Uruguai, Argentina eta Txilen barna egin duen bost asteko eztabaida eta aurkezpen birak interes handia piztu du. Sarearen ordezkari gisa Floren Aoiz ibili da Hego Amerikan.
Bira Uruguain hasi zuen Aoizek, Montevideo eta Floresko euskal kolektibitateetako kideekin izandako bilera eta aurkezpenekin. Ondoren, independentziaren aldarrikapena Argentinako Santa Fe probintziako Rosarion ospatu zen Euskal Aste Nazionalera eraman zuen.
Aurtengoa Independentistak Sareak Hego Amerikan egindako hirugarren bira izan bada ere, orain artean Txilen izan gabe ziren mugimenduko kideak. Bertan, independentismoa bultzatzeko prest diren euskal kolektibitateko kideekin harremanak izan ditu Aoizek, herrialdeko unibertsitateetan hainbat ekitalditan parte hartzeaz gain.
Presentzia sendotu
Hego Amerikan egindako biran, ideologia ezberdineko euskal diasporako ehunka lagunek jaso dituzte Independentistak Sarearen proposamenak. Izan ere, Uruguai, Argentina eta Txilen bere presentzia sendotu asmoz, zonalde eta hiri berrietan harremanak gehitzeko apustua egin du Sareak.
Etorkizunera begira, Mexiko, Venezuela eta Europako hirietara heldu nahi du Independentistak Sareak. Horretarako, Sarearen aurkezpenak egiten lagundu nahi dutenek harremanetan jarri behar dute mugimenduarekin diaspora@independentistak.net helbidearen bidez.