GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | Pirritx eta Porrotx lumaren alde

Irribarrea ahoan, Iparraldean haurren artean euskara sustatzeko ekimenak «handitzen» ari direla eta

Handitzen handitzen hasi naiz handitzen txikia izanik, asko maite zaitut nik». haur, guraso eta irakasleak kantuan jarri zituen atzo Porrotxek Ziburuko Luma haurtzaindegian. «Modu berezian etorri gara oraingoan, Luma handitzen ari delako, eta gu ere bai. Duela 25 urte hasi ginen eta geroztik handitzen segitzen dugu», gaineratu zuen pailazoak.

p048_f02.jpg

Idoia ERASO

Abenduaren 9an Azkaingo Kiroletan «Sentitu, Pentsatu, ekin» ikusgarria eskainiko dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek lehen aldiz Lapurdin. Urteroko gisan, pailazoen antzerki lan berria Luma haurtzaindegien alde aurkeztuko da Bidasoaren iparraldean. Aldiz, aurtengo hitzordua berezia izanen da, Luma haurtzaindegi sareak Hendaian egoitza bat irekitzea aurreikusten baitu. Lehendik Ziburun eta Baionan dituzte haurtzaindegiak.

«Gu ere garai batean txikiak ginen, irakasle-ikasketak egiten ari ginen eta euskara gehiago entzun nahi genuen Lasarte-Orian, gure herrian. Pentsatu genuen koloretik eta irritik euskara zabaltzea Euskal Herrira», esan zuen pailazoak.

Porrotxek alaitasunez beteriko mezu serioa zabaltzen zuen bitartean, Haize irriz eta saltoka ari zen berari begira eta Iarek mesfidati so egiten zion. Ekaitzek ere prentsaurrekoan parte hartu nahian-edo pilota pailazoarengandik hurbil botatzen zuen behin eta berriz. Halako batean amari deika ari zen Saioa txikia besoetan hartu eta «titia eman» zion aktoreak.

Sinfonikoko biolinas

Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat ospakizun urtea izanik «Sentitu, Pentsatu, ekin» disko sinfonikoa egin dute eta Porrotxek atzo diskoa aurkeztu nahi izan zuen, baina CDak gordeta beharko lukeen kutxa irekitzean etorri zen ezustea: «Katxiporreta, diskoak baserrian ahaztu ditut!». Magiarako txanda heldu zen orduan. Aurkezpenean zeuden guztiak «ia, ia, ia! Atera oparia!» garrasi egin ondoren Pirritxen panpina atera zen kutxatik diskoa eskuan zuela. «Eskerrak Pirritx hor dagoen, berari ez zaio ahaztu diskoa» gaineratu zuen bikotekideak.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariekin grabatuko diskoa da, eta Lumako gurasoen artean grabaketan parte hartu duen biolin jotzaile bat ere bazen, Ortzi Oihartzabal. Maiena besoetan zuela musikariak pailazoekin grabatzen izandako esperientzia gogora ekarri zuen. «Oso ondo pasatu genuen!» aitortu zion aktoreak eta «guk ere bai!» erantzun zion musikariak.

Oihartzabalek diskoa grabatzeko denbora murritza izan zutela aitortu zuen. «Halere, arras ongi atera zen, oso profesionalak izan ziren». Diskoaren egile guztiak batuta emanaldi bat egiteko asmoa dutela ere iragarri zuen.

«Azkainen zerbait berezia egingo dugu. Urtebetetze festa handi bat egingo dugu, eta ‘Zorionak guri’ kantatzea itsusia denez, amona Josefinari kantatuko diogu», esan zuen Porrotxek. Belaunaldien lotura egiteko esaera zahar bat izan zuen ahotan, «izan zirelako gara eta garelako izango dira». Horri loturik Lumak Lapurdin egin lana ohoratu zuen: «Egun Ziburun eta Baionan zaudete eta laster handiago izango zarete. Eta handiago izango zinatekete dirua eta lurra gehiago balira. Txalo bero bat zuentzat! Aupa Luma!».

Haurtzaindegietako lana omentzearekin batera, egun Ipar Euskal Herrian bizi den egoera erreferente bihurtu dela aipatu zuen: «Etorkizuna eraikitzen ari zarete hemendik. Ispilua eta eredua zarete Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo