GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bakioko Bildu: «Kreditu bat eskatzeak arriskuan jarriko luke herriaren etorkizuna»

Bilduk gogor kritikatu du Bizkaiko Aldundiak Bakioko Udalak duen zorra ordaintzeko ematen duen «alternatiba bakarra» Kutxabankekin kreditu bat negoziatzea izatea. Bilduk proposatzen duen irtenbidea Aldundiak berak Udalkutxatik zorra ordaintzeko dirua aurreratzea da.

Nerea GOTI | BILBO

Bilduk gogor kritikatu zuen atzo Bizkaiko Aldundiak Bakioko Udalarentzat aurreikusitako «erreskatea». Bizkaiko herrien «tutela finantzarioa» Aldundiarena dela gogoratu ostean, honakoa galdetu zuen Bilduk: «Zeri begira egon dira orain arte? Nork dauka Bakioko udal gobernu desberdinek urtero puztutako aurrekontuak aurkeztearen erantzukizuna?».

Hori aintzat hartuta, Bilduk gogor kritikatu zuen uneotan Aldundiak Udalari eskaintzen dion «alternatiba bakarra» Kutxabanki 5 milioi euroko kreditua eskatzea izatea, %5eko interesarekin eta bi urteko epean ordaindu beharrik izan gabe. Azaldu zuenez, «lehen bi urteetan superabita izango genuke», baina «2015etik aurrera defizita asko handituko litzateke». Hau da, behin lehen bi urteak pasata, Udalak maileguaren interesak eta amortizazioa ordaindu beharko lituzke, eta, beraz, «egoerak hobera egin beharrean urteak pasa ahala egoera ekonomiko zailagoa izango genuke». Ildo horretan, Bilduk argi utzi zuen ez duela herriaren etorkizuna 15 urterako hipotekatuko lukeen irtenbiderik onartuko.

Horiek horrela, Diputazioaren eskaintzaren aurrean, proposamen bat jarri du Bilduk mahai gainean: «Aldundiak, Udalkutxatik, Bakiok duen zorra ordaintzeko beharrezko dirua aurreratzea». Horrela, «Bakiok ez luke interesik ordainduko eta irtenbidea ez litzateke bankuak aberasteko erabiliko». Ostean, Aldundiak aurreratutako diruaren %10 bueltatu beharko luke urtero Bakiok.

2010eko datuak eskuetan egindako kalkuluetan oinarrituta -EAJko Alkatetzak 2011koak ukatu dizkio-, egun herrian murriztuta dauden oinarrizko zerbitzuak (zaborren bilketa, kiroldegia, lorezaintza, kale garbiketa...) martxan jartzea posible litzatekeela uste du Bilduk. Ildo horretan, herritarrek sortu ez duten egoera ordaindu beharrik ez dutela nabarmendu nahi izan du koalizioak.

erantzukizuna

«Frogatua dago eta guztiz onartezina da Aldundiak Bakiori maila neurrigabean zorpetzea baimendu izana, operazio asaldagarrien bidez eta inolako bideragarritasun planik gabe», salatu du Bilduk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo