GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

GIZA ESKUBIDEEN LIGAREN AGERRALDIA PARISEN

Eragile andanak konponbideari heltzeko eskatu dio Hollanderi

Aurore Martinen Espainiaratzea «eskandalutzat» jota, Giza Eskubideen Ligak eta ezkerreko alderdi nagusietako ordezkariek eta euskal senatari eta diputatuek eskaera zehatza egin diote Hollande presidenteari: batetik, militante abertzalea lehenbailehen askatzeko ahaleginak egin ditzala, eta, bestetik, gatazkaren konponbideari «oztopoak» jartzeari utz diezaiola. Hainbat pertsona ezagunek ere izenpetu dute Frantziako presidenteari igorritako gutuna.

p005_f01.jpg

GARA | PARIS

Aurore Martin Espainiaratua eta espetxeratua izan zenetik hilabete eskas igaro delarik, Giza Eskubideen Ligak (LDH) agerraldia egin zuen, atzo, Parisen, Hollande presidenteari bere askatasuna lortzeko ahaleginak egin ditzala eta Euskal Herriko konponbide prozesuan inplika dadila eskatzeko.

Pierre Tartaowsky LDHko presidenteak Olivier Dartigolles PCFko bozeramailea, Jerôme Gleizes EE-Berdeak alderdiko arduraduna, Olivier Besancenot NPAko zuzendaritzako kidea, Colette Capdevielle eta Sylviane Alaux PSko bi euskal diputatuak, Paul Mollac UDBko diputatua eta Bake Bideko kide Anaiz Funosas izan zituen alboan. Prentsa agerraldiaren aurreko bilkuran parte hartu zuten ere Jean-Jacques Lasserre senatari zentristak eta Frederique Espagnac PSkoak. Batasuneko militanteari gertatutakoaz eta bere egoera juridikoaz zehaztasunak emateko, presente izan zen, halaber, bere abokatu Jone Goirizelaia.

Guztiek «eskandalagarria» jo zuten jarduera politikoengatik zuberotarra auzitegi espainolen esku utzi izana eta lehenbailehen aske utz dezatela eskatu zuten. Ildo horretan, gutun bat igorri diote Hollanderi. Bertan, duela urtebete Aieten izandako Konferentzia eta ondotik ETAk jarduera armatua bertan behera utzi zuela gogoratuta, Martinen aurkako euroagindua «testuinguru oso berezian» gauzatu dela nabarmentzen dute, «gaur egun, bururaino joan daitekeen bake prozesua gauzatzeko egiazko aukera» dagoela uste baitute.

«Nahigabetuak»

Horiek horrela, Martin «agintari espainolei» entregatu izanak eragin dien «nahigabea» adierazten diote Hollanderi, euroagindua salatu aitzin. Are, «hiritartasun frantsesa duen» gaztearen «berehalako askatasuna» eskatzen dute, Estatu frantsesean «kondenagarriak ez diren ekintzak leporatzen dizkiotelako, hots, Frantzian legala den alderdi baten kide izatea eta jarduera publikoetan parte hartu izana».

Gutunaren sinatzaileen eskakizuna ez da Batasuneko militantearen egoerara mugatzen. Izan ere, «Euskal Herrian izandako aldaketak kontuan hartzea eta, horrenbestez, gobernu frantsesak iaz nazioarteko adituek Aieteko Konferentzian egindako gomendioei modu baikorrean erantzuteko ahaleginak egitea» eskatzen diote Errepublikako buruari. Era horretan, «abian den bake-prozesuaren garapena erraztuko» litzatekeela uste osoa dute sinatzaileek.

Bake Bideak Parisko agerraldia probestu zuen abenduaren 15ean Baionan egingo den Bakearen Foruma aurkezteko.

Ohorezko Legioa jaso zuen bezperan sinatzaileetako batek

François Hollanderi zuzenduriko gutunaren izenpetzaileen artean Souhayr Belhassen FIDH Giza Eskubideen Ligen Nazioarteko Federazioaren presidentea dago. Hain justu, astelehenean bertan, giza-eskubideen alde egindako lanarengatik Ohorezko Legioa jaso zuen presidentearen beraren eskutik.

Halaber, atzoko agerraldian parte hartu zutenez gain, giza eskubideen eremuan ezagunak diren beste hainbat lagunek ere egin dute bat gutunarekin, hala nola Henri Leclerc, Michel Tubiana eta Jean-Pierre Dubois LDHko ohorezko presidenteak, Dominique Guibert erakunde bereko idazkari nagusiak edota Patrick Baudoin FIDHren ohorezko presidenteak.

«Indignez-vous» liburu ospetsuaren egile Stephane Hessel idazlea eta Guy Bedos aktore ezagunak ere izenpetu dute Hollanderi egindako eskaera.

Gainerako gehienak hautetsiak edo politikariak dira. Horien artean, Andre Chassaigne Asanblea Nazionaleko talde komunistaren presidentea eta hogei bat eurodiputatu.

Ipar Euskal Herriko diputatu eta senatariak eta alderdi orotako hainbat kontseilari nagusi edo Akitaniako kontseilariak ere agertzen dira ia ehun bat euskal auzapez eta zinegotziekin batera zerrenda luzean.

Zerrenda 25 bat gizarte erakunde eta sindikatuetako ordezkariek osatzen dute, tartean CFDT, LAB, ELA, ELB, Anai-Artea, Bizi!, Les Bascos, Cimade, Abokatuen Elkartea, Lokarri edota Eraso Sexisten Aurkako Kolektibokoak. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo