GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Esanahi eta irismen handiko akordioa, joko politiko izugarri irekia azalarazten duena

Gipuzkoako aurrekontua onartzeko Bilduk eta PSEk lortu duten akordioak, herrialderako inbertsioak eta lehentasunak ikuspegi aurrerazale batetik bideratzeaz gain, harago doazen inplikazioak ditu. EAJren neurrira eta hura ardatz hartuta gailendu nahi zen geometria aldakorra -inorekin konprometitu gabe, denak berarekin konprometitzera behartzea, alegia- auzitan jartzen du. Eta mapa politiko berriaren argitara, joko politikoa inoiz baino irekiagoa dagoela nabarmentzen du. Bestetik, iraganeko etsaigo eta gorrotoak alboratuz, aurrera begira horizonte berri bat irekitzen du, herri hau ezkerretik, ezberdinen artean eskuz esku arituz goberna daitekeela erakusten du. Heldutasun eredugarria ageri da, fragmentazio politiko paralizantea beste errealitate politiko batzuek konpaktatuz gainditzea posible dela ikusi baita. Edonondik begiratuta ere, txalotzekoa eta ospatzekoa da.

Gipuzkoa blokeoaren eta ezinaren lurralde legez aurkeztu nahi izan dutenek, berriz ere, beste behin ere, porrot egin dute. Are, gainontzeko lurraldeetara erreparatuz gero -Nafarroan eta Araban aurrekonturik gabe, Bizkaikoak eta EAEkoak ikuskizun eta kinka larrian-, esan daiteke hitzaren eta hitzarmenaren kultura sendo errotzen ari dela. Aurrekontuak dira horren azken adibidea, lehenago aberastasunaren gaineko zerga politika berriak izan ziren legez.

Lurraldeen artean, ordezkaritza politikoaren mailan, Hego Euskal Herria askotarikoa da. Ez dago hegemonia absoluturako tarterik, ezta zentralitatea inoren jabetzaren pekoa egiteko ere. Ez dago herri bezala estatuekin hitz egiteko monopolioa duen alderdirik, ezta politika alderdikoi bakarraren monolaborantza egiteko lurrik ere. Izango da, dudarik gabe, egoera hori bideraezina dela eta iraganeko akordio baztertzaileen nostalgia aldarrikatzen duenik. Baina ez dagoen tokitik ez dago ateratzerik eta dagoenarekin egin behar da aurrera. Etorkizunera begira beti, lur politiko komun berri bat zedarrituz, inor baztertu gabe baina inori beto eskubidea aitortu gabe.

Kultura politiko berri baten beharra ari da ate joka. Eta denbora politiko honetan, jokoa hain irekia eta beharrak hain gorriak direnean, bata bestearen etsai ziren alderdiek banatuta ezina eta batuta etekina lortzeko gai direla demostratu behar dute. Ahalegin konpartituak, irabazi kolektiboetarako galera partikularrak izaten jakitea, apurka-apurka Euskal Herriaren bizitza politikoa oxigenatuko duten jokabideak eskatzen dituzte herritarrek, desira eta merezi duten kultura berriaren onbiderako.

Norabide horretan, esanahi eta irismen handiko lezioa eman dute PSEk eta Bilduk Gipuzkoan. Aukera berrietarako leihoa ireki dute parez pare. Mugarria jarrita, izan dadila eredu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo