Basque Culinary Center-ko irakasle bat Palestinan izan da, sukaldaritza irakasten
GARA | DONOSTIA
Donostiako Basque Culinary Center sukaldaritza eskolako irakasle Alberto Cuesta Jerusalemeko palestinar aldean izan zen euskal sukaldaritzari buruzko tailerra ematen. Ikastaro horrek iraun duen bi egunetan zehar, parte hartu duten zazpi sukaldari palestinarrek euskal sukaldaritzaren oinarriak ikasi ahal izan dituzte: alde tradizionaletik hasita, egungo sukaldaritza abangoardistarainoko ibilbide bat egin dute.
Palestinako chef gehienek Jerusalem inguruko hoteletan egiten dute lan, jatetxe batean edo bere kabuz aritzen denik ere badago ere. Honakoak izan dira euskal sukaldaritzaren oinarriak ezagutzeko ekimenean parte hartu dutenak: Ahmad Ashayer (Ambassador Hotel), Nabil Aho (Notre Dam Hotel), Suliman Arnaoute (Grand Court Hotel), Odeh Abu Al-Hawa (Seven Arches Hotel), Victor Glogar (Chloelys Restaurant), Haig Hagogian (Arminian Quarter) eta Moran Broza (freelance). Euskal sukaldaritza Estatu espainolean arlo honetan izan den eboluzioaren motorra izan da 70eko hamarkadaz geroztik. Orduan, Euskal Sukaldaritza Berria deituriko mugimendua sortu zen Arzak eta Subijana bezalako sukaldarien gidaritzapean. Gaur egun, asko dira olatu horren barnean lanean ari direnak, eta hain zuzen, horren isla da Euskal Herriko zenbat sukaldarik jaso duten Michelin Izarra, benetan asko, gure lurraldea txikia dela kontuan izanik.