GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nuclenorrek dio galerak izanen lituzkeela zerga berria aplikatuz gero

Iberdrolak eta Endesak osatutako Nuclenor enpresak jakinarazi du Garoñak urtarriletik aitzinera martxan segituko balu dirua galduko lukeela Energiaren Iraunkortasunerako Zerga Neurrien Legea dela-eta. Hain zuzen, gaur eztabaidatuko dituzte Kongresu espainiarrean lege proiektu horri buruzko Senatuaren zuzenketak. Ekologistek Garoñako zentral nuklearra «erabat eta betiko» ixtea eskatu dute, eta Valle de Menako Udalak mozio bat onartuko du horrela izan dadin.

p017_f02.jpg

GARA | GASTEIZ

Garoñako zentral nuklearraren jabe den Nuclenorreko presidenteak, Jose Ramon Torralbok, «Diario de Burgos» egunkariari egindako adierazpenetan azaldu zuenez, Energiaren Iraunkortasunerako Zerga Neurrien Legea aplikatzen bada eta instalazioak urtarriletik aurrera martxan jarraitzen badu, dirua galtzen hasiko lirateke. «Lege proiektu honen zergak aplikatu gabe, Nuclenorrek ez zuen galerarik aurreikusten jardunaldi honetarako, ezta hurrengoetarako ere 2019ra arte». Agertu zuenez, 24 milioi euro inguruko kostua aurreikusten zuen 2013ko uztailerako, esplotazioa gelditzeagatik eta ezohiko amortizazio eta hornidurengatik. Gastu horiei gelditzeko eguna aurreratzearen eragina gehitu behar zaie.

PPk lege proiektuari jarritako emendakinen gainean, nuklearrei gehiago exijitzen dietela adierazi zuen Torralbok, eta lege proiektu horrek, zuzenean ala zeharka, Estatuko zentral nuklear guztiei eragiten diela erran zuen. Enpresaren borondatea zentralaren martxari eustea dela nabarmendu zuen, elektrizitatea sortzen jarraitzea, nahiz eta planteatutako legearekin ez den bideragarria.

Ekologisten iritzia

Ekologisten aburuz, Garoñako zentrala ixtearen «benetako arrazoia» segurtasun falta da. Hala adierazi zuten Araba Garoñarik Gabe Ekimeneko bozeramaileak eta Eguzkik. Azken honek instalazioaren inguruko errentagarritasunari buruzko eztabaida segurtasun falta ezkutatzeko erabiltzen ari direla ohartarazi zuen, igandean hasitako geldialdia «erabateko eta behin betiko» itxiera izan dadin exijitzearekin batera.

Talde ekologista honek ez du baztertzen Gobernuak edo enpresak arauak aldatzea eta bi aldeak ados jarrita martxari berriro ekitea, «gizarteari datuak eta ekintzak gordez». Kritikatu zuenez, ez da lehendabiziko aldia, behin eta berriz egin baitituzte «promesa, engainu eta iruzurrak» zentralaren funtzionamendua luzatzeko.

Segurtasunaren ideia nabarmendu zuen Eguzkik eta ohartarazi zuen Garoñaren funtzionamendua luzatzeak gero eta arrisku larriagoan jarriko lituzkeela zentralaren inguruan bizi diren milioi bat pertsonak. Araba Garoñarik Gabe ekimeneko kideen ustez, ez da halakorik gertatuko, zentrala «ez baita inoiz gehiago martxan jarriko». Alberto Frias ordezkariak argitu zuenez, hori pentsatzeko bi arrazoi dituzte: segurtasun gabezia eta zentral nuklearren produkzioan «eskaintza eskaria baino askoz handiagoa izatea». «Garoñak ez du 466 megawatt baino gehiago ekoizten, eta azken urteotan 22.000 megawatt baino gehiago instalatu dituzte gas termiketan», jakinarazi zuen.

Burgosko Valle de Menako Udala ere zentrala ixtearen aldekoa da eta horretarako mozio bat onartuko du bihar. Bertan, Ministroen Kontseiluak 2009an onartutako inguruko ekonomia dinamizatzeko planari berriro heltzea ere eskatuko du PSOEk gobernatutako Udalak.

«egiazko arrazoia»

Araba Garoñarik Gabe ekimeneko kideek uste dute ez dutela igandean gelditu zuten Burgosko zentrala gehiago martxan jarriko eta horren «egiazko arrazoia» segurtasunean inbertitu ez izana dela.

dinamizatze plana

Eguzkirentzat Garoñaren itxierak atzera bueltarik gabekoa izan behar du, eta desegite plan bat eta inguruan lana sortzeko bertze egitasmo bat diseinatu eta abiatzea falta da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo