GARA > Idatzia > Ekonomia

Enpresa txikietako hauteskundeak baliogabetzeko eskatu du LAB sindikatuak

GARA | BAIONA

Estatu frantsesean lehen aldiz egin berri dira enpresa oso txikietan ordezkari sindikalak hautatatzeko bozak. Hauteskunde horiek arautzeko eta antolatzeko moduarekin oso kritiko zen arren, Ipar Euskal Herriko enpresa gehienak tamaina txikikoak izanik, LABek kanpaina berezia garatu du, batez ere langileei informazioa helarazteko.

Abenduaren 12an boza emateko epea amaituta, sindikatua are eta kritikoago agertu da hauteskundeok nola garatu diren ikusirik. Izan ere, sumatu dituzten «irregulartasun larrien» aitzinean, «baliogabetuak» izan daitezen exijitu du.

LABek hainbat arrazoirengatik uste du emaitzek «zilegitasunik» ez dutela. Hasteko, Ipar Euskal Herriko eremua ez dela onartua eta errespetatua izan diote, hauteskunde eremua Akitaniako eskualdekoa baitzen.

Gainera, antolaketa oso «eskasa» izan dela irizten diote, besteak beste, bai langileei zein enpresariei informazioa oso berandu helarazi zaielako eta bozkatzeko prozedura zein dokumentazioa ere ez delako garaiz iritsi eta, kasu batzuetan ezta iritsi ere.

Gorabehera anitz

Direcctek, enpresaren, lanaren eta enpleguaren eskualdeko zuzendaritzak, igorritako gutunean, «lan erreformari ematen zaion babesarekin lotu ditu hauteskundeok». LABek argi eta garbi adierazi du ez duela, inolaz, ere «bere oniritzia izango».

Azkenik, prentsaren bitartez jakin dute Estatuak zenbait sindikatu diruz lagundu dituela beren kanpaina egin dezaten. Gardentasun eza horren aurrean, LABk galdetzen du «zenbateko diru laguntzak izan diren eta nori eman zaizkien».

«Akats, utzikeria eta hainbat gorabehera kontuan hartuta, hauteskunde horiei eta bere emaitzei zilegitasuna ematea ez da onargarria», sindikatuaren esanetan. Horiek horrela, bozak baliogabetzeko behar den prozedura administratiboa aurrera eramateko engaiamendua hartu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo