GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Zaletasunak

Nancy Jean Champion Newtowngo hiltzailearen amari buruz argitaratu dena irakurtzera narama jakin-minak. Haragia ahula da, eta arima areago. Halakoetan irakurketa politikoa egiten ikasia nago; ez ditut arma saltzaileak ahazten, ezta haien babesleak ere. Haiena da errua, inorena bada. Baina gertakariaren atzean ezkutatzen den labirintoak liluratu egiten nau, zuek ez?

«Nancy Lanzak armak kolekzionatzen zituen, zalea zen oso». Egia ote da? Imajinatzen dut emakumea autoa ilara batean, okasio horietan izan ohi dugun gogoeta errarien menpe, pistolak eta fusilak gogoan, haien altzairu koipeztatua, haien taktu ezin leunagoa, eta, noski, ahalmen hilgarria. Haurtzaroko lagun bat ikusi du aldameneko autoan, hura ere ilaran zain, eta eskuarekin agurtu du, Interneten AK47 eder bat erosteko asmoa gorpuzten duen une berean. Lagunen bat izango du pasioa konpartitzeko. «Nire seme txikia Bushmaster AR 15-arekin praktikatzera eramango dut larunbat arratsaldean», esango dio, bizitzako gauza orotan garrantzitsuena balitz bezala. Bestelako kontuak, sakonagoak eta zailagoak dira. Pertsonen (senar ohiaren) izaera, kasu.

Zergatik dezepzionatzen gaituzte pertsonek? Zergatik daukagu elkarri min egiteko ohitura txar sendaezin hori? Zergatik utzi zion ni maitatzeari? Galdera zailak, zailegiak. Armak gardenagoak dira, logikoagoak, eta, zentzu batean, zintzoagoak. Badakite zertarako etorri diren mundura, zeregina leialtasunez beteko dute, baten batek horretarako borondatea eta lege-sistema egokia baditu. Horiek betetzen badira, Nancyk berak egiaztatu ahal izango du armek noraino daukaten gizakiok ez daukagun zehaztasuna. Bat, bi, hiru, lau, bost tiro, eta akabo. Armen edertasun errukigabea.