Musikaren Durangoak
Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Kulturaren inguruko hainbat eragileri gehiegitan entzun ohi zaio sinergia hitza aho bete lerde egiten. Ikasi da ditxosozko hitza eta haren demaseko errepikapenak hitz beraren esanahiari dagokion efektua hitz hutsalean uzten du; hots, bi indar edo gehiagoren ekintzaren eragina banakako efektuen batura baino handiagoa dela esatea ez dela horren benetakoa. Baina beti ez da matematika kontua. Bi gehi bi lau bada, sinergiarekin izan daiteke bost edo hiru. Kooperazioak edo lankidetasunak egin behar du lan. Elkarrekin egitea eta auzolanaren diferentzia bezala. Azken boladan auzolana hitza ere maizegi eta testuinguru desaproposean erabili da, eta terminoaren definizioa erdi pikutara bidali. Durangok ondorio asko ekarri dizkio Euskal Herriko kulturari, eta batez ere euskal kulturari (desberdinak baitira bi terminoak, pertsona bat izan daiteke Euskal Herrikoa baina ez euskalduna, transbertsalitatearen eragina eta betidanik estatuek egindako politika faxista eta botere hertsatzaile edo koerzitiboena). Historia hertsatzailearen denbora ez da oraindik apurtu. Durangoren lotura emaitza ekonomikoekin handia izan da. Liburu eta diskoen erakustoki galanta da. Dena den salmentak ez du guztia egiten. Euskal kulturaren monopolioa stand alokairuetan ikusten dela askotan esan da. Oasia, burbuila edo nahi dena, parranda. Iritzi askotako jendea batzen da Durangon eta azoka antikomertziala ere bertan dago. Garai batean Liki elkartean eztabaidatu zen azokaren barruan egotearen onura eta desabantailaz. Barruan jende gehiagorengana iritsi daiteke eta hori da helburua. Liki eta Gatazka desagertzeak oasia txikiagoa egiten du.