ZURI-GORRIEN ORROAK
Esperantzara kondenaturik
Edorta JIMENEZ ORMAETXEA Idazlea
Athleticen zaleontzat 2012koa mugarri urtea izan da. Askorentzat, ezer ez da inoiz berriro lehengoaren berdina izango. Urtea bera, inozentzia galdu genuenekoa legez gogoratu dugu.
Klubaren presidenteak berak ere aitortu du, hala edo nola. Llorentek etxea utziko zuela ziurtzat jo zuenean, «zerbait txarto egin dugu», halaxe esan zuen.
Eta bai. Egia. Txarto egin da jokalariei halako dirutzak ordainduz, esaterako. Bielsak zintzo-zintzo esandako moduan, aberats goiztiarrak dira jokalariok. Hala lehoiak nola merengeak edota perikitoak. Beren adineko beste mutilak ikasketetan burua hausten dabiltzan aldi berean, eurek ez dute etorkizunaren kezkarik.
Ez dute, adi aita Urrutia, etxera ogia ekartzea zein gogorra den sekula jakin. Ez eta jakingo ere, beharbada. Beraz, inozentzia galdu genuen, geratzen zitzaigun apurra, 2012an. Batzuek behintzat.
Inozentziaren galerak amorrua eragin digu. Zein ume izan garen ohartu garelako eragin ere. Athletic gurea, Herritik sortua, beste kluben aldean ezberdina delakoan bizi izan gara, eta putz! Lehoietako batzuk, muskerrak. Nongoa dirua, bertakoa kamiseta. Kolorez zein erraz aldatzeko prest diren gero!
Hala da ze, zaleotako batzuek kamiseta larruazalean tatuaturik zelan daroagun, eurek ere halaxe eroateko prest liratekeen jokalariak gura gintuzke. Eta ezin. Ez eta nahita ere. Gehienek ez dute-eta kamiseta non tatuatu. Ez zaie tatuajerik gabeko azal-gunerik geratzen. Horretan, burua non duten ez dakit. Buruan zer duten, hori badakigu. Dirua eta ospea, biak bat eginik.
Inuxenteak izan gara. Eta horretaz konturatzeak tarte baterako berbarik gabe utzi gaitu. Mutu. Zer esan, zer idatzi, ez dakigula. Areago, berbetan hasi garen bakoitzean, teklatuari ekiteko izan naizen guztietan, mututu beharra etorri da. Iazko udaberriaz geroztik ez baitugu egunik bizi izan mutu segitzeko motiborik ekarri ez digunik. Hedabide jakin batzuen jarrerek ere izan dute horretan zerikusirik. Athleticen aurretik, eta kalteak kalte, euren salmentak eta interes politikoak ipintzen dituzten horiexek. Hedabideokiko zaleetako batzuek erakusten duten portaerak zur eta lur uzten nau eta, horretan bai, inuxente segitzen dut. Tentela naiz, bene-benetan.
Edonola ere, urte zaharra joan da, eta hona gu hemen berriro, inozentzia galduaren bila edo. Aurtengo denboraldian zer edo zer erakutsi ahal izango dugula konbentziturik. Sorterriko txiribogetan batzen garen gehienok behintzat. Garik kantatzen duen moduan, Athleticen zale asko eta asko «esperantzara kondenaturik» gagozelako. Garik berak kantatzen duena ukatuz, zerotik hasi beharrik ez dugula sinisturik, taldea badugulakoan. Eta horretan ez, horretan inuxenteak ez garela pentsatuz.
Joanak joan, ba. Urte berrian esperantza izan nahi dugu. Taldearen alde egin. Giroa hobetzen lagundu. Jokalari berriei gure arnasa sentiarazi. Egon behar den lekuan egonez. Hedabide horien zitalkeriak salatuz. Guk tatuaturik dugun kamiseta bakarra lehoiena delako. Eta horrek esperantzara kondenatzen gaituelako. Hurrengo partida guretzat izango denetz, zalantzarik ez. Eta hori ez bada, hurrengoa.
Esperantza! Esperantzara kondenaturik sentitzea inuxenteen kontua izan daitekeela? Ados. Ezkortasunari, berriz, kondena are latzagoa deritzot. Futbolaren negozioaren azken berriek Athletici etorkizun hobea iragartzen diote.
Aurtengoari eusten badiogu hurrengo denboraldiak hobeak izango direlakoan nago. Orain hobekuntzarik premiazkoena ostiralean dugu. Futbola heriotzara kondenaturik duten ordu horietako batean.