GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

TEKNOLOGIA BERRIAK

Haurrek helduen eskutik igarotzeko zebra-bideak

Hedabideetan anitz saldu da teknologiaren ikuspegi negatiboa eta, gutxi, positiboa. Ematen dituen aukerak eta egiten ari diren gauzak ikusita, pauso bat ematea falta zaigula defendatzen du Maite Goñi Mondragon Unibertsitateko eta Ordiziako Jakintza ikastolako irakasleak. Mundura irekitako leiho zabal hau -pisu garai-garai batekoa bezalakoa- zeinek, nola eta zertarako erabiltzen duen dela garrantzitsua nabarmentzen du, aldiz, Araceli Medrano psikologoak.

p006_f01.jpg

p006_f03.jpg

Maider IANTZI

Teklatuak sakelan, irrati transmisoreak motxilan eta pantaila txikiak begietan ibiltzen ziren munstro antzekoak ziren cyborg-ak orain hamazazpi urte, Massachusettseko Teknologia Institutuko ikertzaile gazte batzuen esperimentua. Eta gaur egun, denok gara cyborg. Ia-ia konturatu gabe gertatu da. Teknologiak gurekin daude eta gelditzeko etorri dira. Sarri, ondorio negatiboak aipatzen dira komunikabideetan, baina alde on anitz ere baditu. Horiei helduko diegu erreportaje honetan.

Bilboko bere kontsultan, teknologiekin arazoak dituzten gaztetxoak hartzen ditu Araceli Medrano psikologoak: «Bullying-a, zoritxarrez teknologia berriek erraztu egiten dutena; adikzioa...». Baina elkarrizketan behin baino gehiagotan argitu duenez, arazoa ez dira teknologiak. Horiek dira gehien ikusten direnak, baina gibelean, diagnostiko on bat eginez gero, hainbat gai dago aztertzeko: gaztearen izaera, helduek ematen dioten heziketa, familia...

Medranok nahiago du eragin orokorrez baino pertsona bakoitzaren ondorioez mintzatu, «oso garrantzitsua delako teknologia zeinek, nola eta zertarako erabiltzen duen». Kontua aldatu egiten da gazteak bere buruarengan segurtasuna badu edo ez. «Segurtasuna duenak Facebook, Twitter eta bitarteko informatiko guztiak erabil ditzake lagunekin kontaktuan egoteko, baina ez lagunei atsegin emateko edo bestela erlazionatzen ez dakielako. Adikzioa duen nerabe bat etortzen bazait, arazoa teknologiak direla esatea irakurketa okerra litzateke. Adikzio hori zergatik duen aztertu beharko nuke».

Baina hori argi izanik, orokorrean, egia da 12 urte ingururekin edo lehenago nerabeek beren esku dituzten tresnak gehiegi eta hagitz gaizki erabil ditzaketela batzuetan. Mendekotasuna sor daiteke, batez ere nerabezaroan edo hau baino lehen, garai hauetan testuinguru eta belaunaldi ezberdinetako jendeak jokaera adiktiboak izaten baititu: anorexia, bulimia, mendekotasun emozionala bestearekiko... Psikologoak berak, gaztetxoa zenean, ordenagailurik eta mugikorrik ez zegoenean, etxera iritsi eta telefonoz hizketan jarraitzen zuen arratsalde osoan egondako lagun berarekin. Badira gauzak egiturazkoak direnak, nahiz eta orain irekita dagoen leiho handiak jokaera batzuk ekar ditzakeen.

Harrigarria da zenbat mezu pasatzen diren nerabe baten eskuetatik: ikerketa batzuen arabera, hilabetean 3.700, 2007ko bikoitza. Mendekotasuna al da hori? Bilboko adituak dioenaren arabera, adikzioa era konpultsibo eta errepikakorrean objektu edo pertsona baten mende egotea bada, halako kasuak gertatzen dira. Baina ñabardura bat egin nahi izan du: adikzio horrek ez du zertan patologikoa izan. Belaunaldi bakoitzak tresna eta testuinguru batzuk ditu mendekotasuna sor diezaioketenak. Baina ez dira hobeak edo okerragoak.

Zer egin behar dute helduek, hezitzaileek, komunikabideek? Medranok azaldu duenez, heziketa, gizarte eta informazioaren ikuspuntutik esku hartu, ardura handiz. Ezin zaio gazte bati merkatuko azkeneko teknologia eman, hainbertze estimulurekin nahasmendua sor daitekeelako. Erakutsi egin behar zaio. Heziketa eta formazioa eman eta mugak jarri denean: denboran, diruan...

Izan ere, ez bada teknologia ongi erabiltzen, ez bada informaziorik eta heziketarik ematen, ondorioak hagitz negatiboak izan daitezke. Leiho handi horretan, gaztetxoek ez dute jakinen zer topatuko duten, zeinekin ari diren solasean... Espazio birtualera jaurtiko genituzke, ostiko batekin mundura bota. Aldiz, ongi erabilitako ordenagailu, What's Up edo Messengerrak funtzio benetan positiboak izan ditzakete: erreflexuak, burua, begirada eta komunikazioa aktibatu ditzakete. Baina dena orekarekin.

Adibidez, droga mendekotasunak dituzten jendearekin egiten diren terapia batzuetan bitarteko informatiko guztiak eskaintzen dizkiete, zerbait adiktiboa dutela badakitelako. Zergatik? Errefortzua bat-batekoa delako, bertzearen erantzuna ere bai... Ala ez. Agian, anitz berandutzen da eta zu konektatuta zaude zain. Errefortzu negatiboa zein positiboa hagitz azkarrak dira. Antsietatea sortzen dizu, estimulatu egiten zaitu. Hori guztia, orekan, hagitz ona izan daiteke.

Baina, psikologoak nabarmendu duenez, heldua da esku hartu behar duena, 12 urterekin sakelakoarekin mendekotasuna izatea normala baita: «Edozein ordutan komunikatu naiteke nire lagunarekin, zoragarria da!» Hori ezin da bizitzako erdigune izan, ordea.

Hezkuntzari ekarpena

Maite Goñi irakasleak egunero lan egiten du gazteekin, eta teknologia berriak erabiltzen ditu hobeki aritzeko. Pasioz solas egiten du gaiaz. Duela zortzi urte hasi zen Ordiziako Jakintza ikastolako IKT taldean. «Gure dinamizatzaileak blogen mundua deskubritu eta IKTeroak bloga sortu zuen. Hura, beste lankide bat eta hirurok hezkuntzari buruz idazten hasi ginen. Garai hartan ez zegoen Euskal Herrian teknologia eta hezkuntza uztartzen zituen blogik. Bakoitzak gure esparrutik, gure ikuspuntutik artikuluak argitaratu eta segituan erreferente bilakatu zen bloga, Argia saria ere jaso genuen 2007an». Euskal Hizkuntza eta Literatura ematen du Batxilergoan eta desesperatu antzean zebilen ikusten zuelako betiko euskara emateko moduak ez zuela funtzionatzen, testu liburuek ez zutela klasean arrakastarik edo berak ez zekiela nola eman, hor hutsune bat zegoela ikusten zuen. Teknologiak bertze aukera batzuk, bertze tresna batzuk eskaintzen zizkion eta lankideek animatuta Euskaljakintza blogarekin hasi zen. Aurten da zortzigarren urtea.

Helburua hasiera-hasieratik euskara eta teknologia uztartzea izan da, eta ez hori bakarrik: «Guk nahi genuena zen testu-liburua, nire ustean zaharkitua gelditzen dena inprentatik atera bezain laster, guk egitea urtero, eta sortzen genuen material guztia, euskaraz ezer gutxi zegoen garai hartan sarean, Creative Commons lizentziarekin jartzea. Orduan lortu genuen ikasleak independenteagoak izatea, autonomoagoak, beraiek izatea ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardura, nire babespean eta gidaritzapean».

Blogean irakurtzen dituzten liburuak komentatzen dituzte, kritikak idazten dituzte edozeri buruz, gramatika errepasatzeko ariketak sortzen dituzte. Hala irakaskuntza prozesua askoz ere konplexuagoa eta aberatsagoa da. Idazle bati buruz idazten hasi eta honek behin baino gehiagotan erantzun egiten die. Denen artean altxor bat sortu dute.

«Blogak EGA ikasteko materialak dauzka, artikulu mordo bat, elkarrizketak, eta batez ere jende asko guk sortutako ariketak egitera sartzen da. Horrek ikasleak motibatzen ditu, lan egiteko orduan badakite zer dagoen horren atzean eta beraien onena eman nahi dute, badakitelako erakusleiho bat dela. Erabilgarria dela ikusten dute, errealitatearekin lotuta dagoela, zerbitzu bat betetzen duela».

Hemendik gutxira egongo diren gurasoek jada jakinen dute teknologia berriak nola erabili, baina orain tarte bat dagoela ikusten du irakasleak. «Sarea aholkuz beteta dago. Webgune pila dago gurasoentzat propio eginda, jakiteko ume txiki-txikietatik hasita nolakoa izan beharko litzatekeen lehen hurbilketa sarera. Metodo pila dago zertan dabiltzan kontrolatzeko». Halere, ezin da ukatu leihoa izugarri zabala dela. Pisu garai bateko leihoarekin konparatu du Goñik -irekita uzten bada eta umea txikia bada, agian ez du jakinen ezin dela hor ibili eta eror daitekeela- eta zebra-bidearekin. Kalean bezala, jakin egin behar da non dagoen zebra-bidea.

Agertu duenez, gurasoak seguru ez badaude, eskoletan ere eskatu behar dituzte baliabideak. Ezinbestekoa da eskola, gizartea eta gurasoak harremanetan egotea.

Oraindik bide luzea ikusten du egiteko irakasleen formazioan, baina pentsamoldea aldatu dela deritzo: «Orain guztiek dakite teknologia beharrezkoa dela eta geratzeko dagoela. Potentzialitate handiko tresna da eta ikusi egin behar da zer egin dezakegun, betiere metodologia, pedagogia aurretik jarriz eta teknologiarekin uztartuz». Gogoeta bat egin du: «Irakasle guztiek teknologiarik gabe ondo erabiltzen dituzte baliabideak? Orduan, zergatik exijitzen zaio teknologiari bestela exijitzen ez zaion kontu bat? Irakasleak badaki zer egin behar duen gelan? Ze helburu dituen? Horretarako teknologiak lagungarri egingo bazaizkio, aurrera. Eta bestela, segi orain arteko baliabideekin».

Sare sozialei erreparatu ohi diegu, baina web 2.0 mapa osoan hauek punta txiki bat dira. Zer dagoen jakitea komeni dela nabarmendu du irakasleak alderdi negatiboak ekidin eta positiboei etekina ateratzeko, eta sentsibilizazioan urrats bat egiteko garaia dela gaineratu du, teknologiarekin lotutako ekimen baikorrak azalduz.

Maite Goñiri teknologiak bizitza aldatu dio

Maite Goñi ordiziarrari teknologiak bizitza aldatu dio: «Lagun berriak ezagutu ditut eta harreman estua dut eurekin, ikasi nahi dudana ikasten dut, ni naiz nire irakaskuntza prozesuaren arduraduna, baliabideak ditut horretarako, non bilatu daukat, egunero gaurkotua nago eta nik erabakitzen dut noraino joan nahi dudan gaietan, horrek esparru berriak lantzera bultzatu nau, teknologia berrien inguruan beste irakasleei erakusteko aukera dut Mondragon Unibertsitatean eta niretzat hori oso aberatsa da... Nire bizitzan dena aldatu da teknologiaren inguruan».

Twitter da bere sarearen bihotza. Sare sozialak ikasketa pertsonalaren eta profesionalaren barruan sartzen ditu eta Twitter sare sozial bat baino anitzez gehiago da berarentzat: informazioa lortzeko punturik onena. Hor aritzen da hartu-emanetan irakasleekin, hor jakiten du ze gauza egiten ari diren AEBetan, on line seminarioetan parte hartzen du, pil-pilean dauden metodologiak eta tresnak ezagutzen ditu, praktika onak eta ideiak...

«Intoxikazio garai honetan ondo kontrolatu behar duzu ze tresna erabili eta zertarako, eta ikusi behar duzu informazioa lortzen, gordetzen, sailkatzen, zure onerako erabiltzen laguntzen dizuten», gomendatu du. M.I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo