Kontxi Agirre Sarasua, Pello Epelde Agirre, Aiora Epelde Agirre | Donostia
Esker gutuna
Gutun publiko honen bidez, urtebete gogor honetan, modu batean edo bestean, gure ondoan egon zareten guztioi, babestu gaituzuen guztioi, Eperi maitasuna eta estimazioa azaldu diozuen guztioi... gure eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Urtea latza izan da, gogorra bezain intentsua. Eperi minbizia diagnostikatu ziotenetik aurrera, borroka konstantea izan da. Bizi nahi izatearen kontzientziak bultzaturik, azken momentura arte borrokatu baita Epe. Bere gorputzak baina ezin zuen gehiago.
Gaixotasunaren aurrean egoki kokatzea zaila izaten da, gaixotasunak dituen etapa ezberdinak bizitzea gogorra da, eta gaixotasunak hiltzera eramango gaituela (egin beharrekoa egina geratu den) lasaitasunez barneratzea ariketa konplikatua da... Guretzat baina beharrezkoa eta inportantea izan da bide hau egoki egitea.
Eta bide hau egoki egin izana ezinezkoa litzateke, Donostia Ospitaleko «Etxeko Ospitalizazioa zainketa aringarrien unitateko» ekipo izugarri eder horren laguntzarik eta babesik gabe. Mila esker, bihotz-bihotzetik!
Mila esker! Epe etxera eraman ahal izatea posible egiteagatik, eta bere azken egunak bere txokoan, bere gauzen ondoan eta beretarrez inguratuta bizitzea posible egin ahal izateagatik. Ezinezkoa da lerro labur batzuen bidez, etxeko lehen egun haietan Epek zenbat gozatu zuen adieraztea, baina izugarria izan zen.
Mila esker! Eperen egoeraren aurrean erakutsi duzuen humanitateagatik.
Mila esker! gu zaintzeko eta babesteko egin duzuen ahaleginagatik, ez dugu sekula ahaztuko, ondo-ondoan sentitu baitzaituztegu.
Mila esker! Eperen heriotza duintzeagatik.
Mila esker! Heriotza jaiotza bera bezain naturala dela pentsamenduari (lehenengoak poza eta bigarrenak tristura ekartzen badu ere) ateak zabaldu, eta maite ditugun pertsonen agurra modu goxo eta maitekiro batean garatzen laguntzeagatik.
Mila esker, bihotz-bihotzetik!