maitane linazasoro | Oiartzualdeko gazte auzipetua
Ez gaituzue etxean aurkituko
Arkaitz Anza, Xabier Lujanbio eta Maitane Linazasoro gara. Pasa den abenduaren 18an, Auzitegi Gorenak gure eta Oreretako beste bi gazteren aurka emandako epaia jaso genuen; Segiko kide izatea egotzita, sei eta sei urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri digute.
Legezkoa ez ezik, zilegi izan beharko lukeen jardun bategatik, alegia.
Sententziak argi eta garbi adierazten duen bezala, lan politikoa egiteagatik izan gara kondenatuak.
Baina gurea ez da kasu isolatu bat. Segi gazte erakundea terrorista izendatu zutenetik ehunka izan gara kolore guztietako polizien jazarpena, mehatxuak, atxiloketak, tortura basatiak eta kartzela sufritu ditugun gazteak.
«Aski da!» esateko garaia dela uste dugu; ez dugu onartuko gazte bat gehiago urte luzez kartzelatua izatea.
Guztioi dagokigu eskubide zibil eta politikoen urraketa hauek bukaraztea.
Bide honetan, urrats berriak egiteko garaia dela uste dugu, eta horregatik erabaki dugu ezkutatzea. Gorde gara ez dugulako onartzen politika hutsa egiteagatik kartzelatuak izatea; are gutxiago, gure aurkako froga bakarrak torturapean sinatutako inkulpazioak izanda, epaiketan argi gelditu zen bezala.
Gazte aktiboak izateagatik kriminalizatzen eta espetxeratzen gaituzte. Baina ez gara kartzelara gerturatuko eta ez gara etxean geldituko armez jositako poliziak gure bila noiz etorriko zain.
Gure herriak garai berriak bizi dituen honetan, errezeta zaharrekin tematuta jarraitzen du Espainiako Gobernuak. Baina behin eta berriz kolpatuak izan arren, gazteek erakutsi dugu badakigula aurrera egiten; orain arte ez gaituzte gelditu eta ez gaituzue geldituko. Bide honetan jarraitzeko deia egin nahi diegu gazte guztiei.
Bukatzeko, gure esker beroenak eman nahi dizkiegu hilabete hauetan guztietan elkartasuna eta babesa adierazi diguten alderdi, eragile eta norbanako guztiei; asko izan dira «Gure etxeko atea zabalik dute» lelopean jaso ditugun elkartasun keinuak.
Esker berezia eman nahi diegu Oreretako herritarrei eta, batez ere, azken aste hauetan beraien etxetan hartu gaituzten familiei.
Euskal gazteria aurrera!