GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Etxegabetzeen bidegabekeriak ez du mugarik

Kutxek eta bankuek arestian esandakoa gorabehera, etxegabetzeak ez dira bukatu. Atzo Lekeition eta Gasteizen bertan behera gelditu ziren kaleratze bi, herritarren presioari eta udalen bitartekaritzari esker. Gasteizko kasuan, nolanahi ere, alkatearen esku hartzea -Udaleko talde guztiek lortua zuten akordioaren ondorioz- ez zen iritsi kaleratzea gauzatzeko ordua baino lehentxeagora arte, kaleratu nahi zuten emakumea azken unera arte ziurgabetasun eta presio ikaragarrien mende utziz. Emakume horrek lasaitua hartuko zuen, baina haren ziurgabetasunak bere horretan dirau, ez baitiote bere egoera konpontzeko modurik eskaini. Izan ere, Amaia Egaña eibartarrak bere buruaz beste egin ondoren, Kutxabankek esan zuen ez zuela kaleratzerik egingo, baina, erakutsi berri duenaren arabera, hitz horiek lukurreriaren haizeak eraman dituela dirudi. Gasteizko kasu hau esanguratsua da, etxegabetzeen bidegabekeria noraino irits daitekeen erakusgarri. Kutxabankek etxetik kaleratu nahi zuen emakumeari zorra bere senar ohiaren negoziorako emandako abalak eragin zion, baina bankuen zenbakien atzean ez dago gizakirik, dirua baino. Atzoko kaleratze ahaleginek, ordea, alderdi positibo bat izan zuten: herritarren presioa erabakigarria izan daitekeela erakutsi zuten, kasu biotan eta beste zenbaitetan hala izan da eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo