GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira | Euskal Herriko Txapelketa

Aspaldiko talde kopururik handiena izango da aurten

Muruetan abiatuko da bihar aurtengo lehiaketa, eta lehen jardunaldian gizonezkoak 680 kilokoan jardungo dira, eta neskak, berriz, 540koan.

Jon LEUNDA

Azken urte hauetako talde kopuru handienetakoarekin abituko da bihar Euskal Herriko Txapelketa. Bizkaitarrak eta lapurtarrak izango dira gehiengoa, baina badirudi berriro ere hasi direla talde berriak ere agertzen. Lehen ekinaldia bihar jokatuko da Muruetako pilotalekuan 11.30ean.

Aurreneko jardunaldian, gizonezkoak 680 kilokoan lehiatuko dira, eta jardunaldi bakarrera jokatuko denez, bihar bertan banatuko da lehen txapela. Emakumezkoetan, 540 kiloko saioa izango da. Hiru talde bakarrik daude, eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. 680 kilokoan, Abadiño, Ibarra, Murueta, Iparralde, Zuraide, Sokarri eta 6 Conceyos lehiatuko dira.

Nesketan, berriz, Ibarra, Badaiotz eta Bizindar neurtuko dira. Ligaxka moduan jokatuko da, eta laburra izango denez, komenigarria da hasieratik garaipenak pilatzea. Badaiotzen eta Ibarraren artean lehia ikusgarria izatea espero da.

Aizkora

Urrezko Aizkoran bihar zen jokatzekoa Leitzan B multzoko azken jardunaldia. Garrantzitsua zen, gainera, bigarren postua baitzegoen jokoan, baita finalerdiak jokatzeko hirugarren txartela ere. Erasun eta Rekondo Olasagastiren eta Larretxearen aurka aritzekoak ziren. Joan den igandeko jardunaldian, ordea, Erasunek giharretako arazoak izan zituen, eta saioa gaizki amaitu zuen. Aurtizko aizkolariak geldirik egon beharra dauka datozen hamar egunetan, eta Egur Sport enpresak jardunaldi hau bertan behera utzi eta Erasun osatzen denean jokatzea erabaki du.

Leitzan, bertan, ordea, 12.00etan hasita, Zilarrezko Mailako kanporaketa jokatuko da. Olano eta Pellejero Oihan Larretxearen eta Irazabalen aurka neurtuko dira. Bi bikoteak dira oso onak eta indartsuak.

Berrikuntzak

Berrikuntzarik gehien Bizkaitik datoz, han talde berri batzuk hasi baitira, eta lehen ibili eta utzita zuten beste bakarren batek ere berriro ekin dio lanari.

Neskak

Taldeen gehitze hori, ordea, ez da gertatu emakumezkoetan. Hiru bakarrik arituko dira lanean, eta etorkizunari begira, kezkatzen hasteko berria da hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo