GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Bilbon egoteko arrazoi bakan batzuk

Hamaika arrazoi daude Bilbon egoteko. Hantxe egoten dira egunero, esate baterako, bertan bizi direnak. Baita han lan egiten dutenak ere. Eta derrigorrezko egonaldia egiteko motibo ugari ere badira. Sarritan bertan parranda baterako hitzordua izaten da, eta parranda barik bisitatzea ere merezi du, orain dela zenbait urte baino ikusgarriagoa da eta. Baina, batez ere, nire ustez, lehen bezala orain ere, Bilbo leku atsegina delako merezi du, bere itxuragatik bainoago daukan baliorik handienagatik, hau da, bere jendeagatik. Badakit esaldi horrek lausengarri samarra ematen duela; hala ere, esan beharra daukat bilbotar asko ezagutzen dudala eta kasualitate itzela litzatekeela Bilboko jende jatorra horiek baino ez izatea. Beharbada, baten batek Azkuna munduko alkate izendatu izana ere izango du harako motibo, beste batzuek ez joateko edo handik alde egiteko motibo izango duten moduan.

Eta bada beste arrazoi bat, arrazoi erraldoi bat, mila arrazoi biltzen dituena, gaur Bilbon egoteko.

Istripu batek ez dezala inor harrapa senide edo lagun maitearekiko enkontrurako bideko ilusio bizian, ezta itzulera gazi-gozoan ere. Arabako Pentsionistak Lanean elkarteak bere atxikimendu-agirian gogorarazi duenez, hainbat lagun adineko beren senide presoei azken agurra ezin emanda joan izan dira. Ez dadila berriro horrelakorik gerta. Guraso edo aitona-amona zaharrek gogoan ez ezik, begietan ere eraman dezatela seme-alaba edo bilobaren irudia. Arabako pentsiodun horiek arrazoi gehiago ere ematen dituzte, eta honako hau ez da makala: batzuen eskubideak defendituz denon eskubideak defenditzen ditugu. Presoak ere eskubideen jabe dira, komatxorik gabeko eskubideen jabe, oraindik orain berri-agentzia batek idatzi ez bezala. Herri honek, aspaldi handian moteltzen duen mina arindu ez ezik, hura eragin duen gaitza osatu ere nahi du. Beren gaitza osatu nahi ez eta besteenak irautea behar dutenek ikus dezatela ez gaituztela adoregabetu. Ez dugula etsiko. Gaur mundua horren lekuko izango da. Bilbon. Elkartasunaren hiriburuan. Eta beste 606 arrazoi. Eta gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo