UPNren herrien mapari aurre egiteko alternatiba osatzen ari dira hautetsiak
Udal eta kontzejuen antolakuntza erreformatzeko UPNren Gobernuak prestatu duen egitasmoa gogor kritikatu dute Nafarroako hautetsiek. Plana osatzeko udalerrietako ordezkariekin ez direla elkartu eta helburua zerbitzuak kentzea dela salatu zuen Atarrabiako alkateak.
Martxelo DIAZ |
Nafarroako herrien mapa aldatzeko UPNren Gobernuak prestatu duen egitasmoaren aurrean alternatiba bat aurkezteko bilerak egiten ari dira Bildu, NaBai eta zerrenda independenteetako hautetsiak.
Atarrabian elkartu ziren atzo Iruñerriko hautetsiak, gai horren gaineko zazpigarren bileran. Aldez aurretik, Mendialdean, Sakanan, Bortzirietan, Pirinioan, Tafallaldean eta Lizarraldean bildu dira.
Atarrabiako alkate Pello Gastearenak azaldu zuenez, Nafarroako Gobernuaren plana udaletako ordezkariekin elkartu gabe egina da eta, hori dela eta, parte hartzean oinarrituriko prozesu honi ekin diote. «Gure ustez, Nafarroako Gobernuak gaizki egin du maparen proposamena inorekin elkartu gabe aurkeztu baitu. Udalei ez digu iritzirik eskatu eta hori guretzat oinarrizko zerbait da. Toki entitateen gainetik pasatu dira eta guk pentsatzen duguna ez dute kontuan hartu nahi beren proposamena egiteko», salatu zuen Gastearenak.
Nafarroako Gobernua, udalen hitza aintzat ez hartzearekin batera, herrietako nortasunaren aurka ere aritu dela gaineratu zuen Atarrabiako alkateak. «Proposamen horrek toki entitateak desagertzea dela onena pentsatzen du. Bertan agertzen denez, hautagairik ez badago desagertzearen alde egiten da; jende gutxiago baldin badago desagertzearen alde egiten da. Hori da beraien helburua», adierazi zuen.
Zerbitzuak kentzeko
«Eta hori zertarako? Gure ustez, gastuak murriztea dute helburu. Baina ez aurrezteko. Diru gutxiago eman nahi diete toki entitateei eta, ondorioz, ez da aurreztea lortuko, baizik eta zerbitzuak murriztea», azaldu zuen Gastearenak.
Horren aurrean, UPNren plana aztertzen ari dira herrialde osoko hautetsiak, ondoren erabakiak hartzeko eta proposamen alternatiboa aurkezteko.
Hautsak harrotzeko Gobernu espainola udalak antolatzeko beste erreforma bat aztertzen ari da, hurrengo asteko Ministro Kontseiluan aurkez lezakeena. Besteak beste, udalak zerbitzuak eskaintzeko mankomunitateetan biltzeko aukera debekatuko duela zabaldu da. «Beharbada Nafarroako Gobernuak Madrilen mehatxua erabil dezake bere proposamena aurrera atera dadin. Horren aurrean, Nafarroako herrien mapa antolatzeko ahalmen osoa dugula gogoratu behar dugu. Madrilgo proposamena erokeria hutsa da. Interbentoreek alkateek baino botere gehiago izango dituzte», esan zuen.
Atarrabiako alkate Pello Gastearenak salatu zuenez, UPNren Gobernuak udalerrien antolakuntzari buruz aurkeztu duen egitasmoa Nafarroako herrietako ordezkariekin hitz egin gabe prestatu du.
UPNren Gobernuak prestatu duen egitasmoaren helburua toki entitateak desagerrareztea dela salatu zuen Gastearenak, hautagairik ez izatea eta biztanle gutxi izatea aitzakia hartuta.