GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Artea eta literatura (I)


Arte munduak gauzak diren bezala esateko adorea duten kritikariak behar ditu», esaten zuen kazetari batek Ingalaterrako kazeta batean. «Arte oro ez da ona, ezin da ona izan. Baina gaur egun ontzat jotzen da dena, batez ere artista gazte batek egina bada. Garaiei aurreratzea irizten zaio horri, kanona hankaz gora uztea, mediokritate hutsa besterik ez denean. Tamalez, literatura munduan ez bezala, arte munduan debekaturik dago artelan bat txarra dela esatea, are gehiago kritika zorrotza idaztea. Baina literaturak bezala, arteak ere behar ditu kritikari gupidagabeak». Artista den lagun bati bidali nion artikulua, kazetariak esaten zuenaz zer pentsatzen zuen jakiteko. Nik neuk sentimendu kontrajarriak neuzkan gaiaren inguruan. Alde batetik, iruditzen zitzaidan (eta zait) gupidagabea izan daitekeela bat zintzoa izan beharrik gabe. Alegia, liburu bat goitik behera suntsitu dezakezu lerro pare batean, baina horrek ez du esan nahi epaian zintzoa izan zarenik (agian literaturarekin zerikusirik ez duten arrazoiek bultzatu zaituzte modu horretan idaztera, idazlearekiko herrak esaterako) edo liburuari justizia egin diozunik. Bestetik, literatur kritikari arte kritikari baino «osasuntsuago» iriztea ez nekien (eta ez dakit) zenbateraino den zuzena eta egokia. Literatur munduan aritzen garenok sekulakoak bota eta entzuten jarraitzen dugu kritikak jokatzen duen rolaren inguruan. Hau da, ez dut uste arte munduan aritzen direnek baino traba edo interes gutxiago dutenik. Kultura kapitalismoaren adarretako bat den aldetik, zaila egiten zait hartaz eremu original eta kutsatugabe gisa pentsatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo